Wikipedia ikasleekin ikasgelan lantzeko irakasleentzako lagungarri izango den gida praktikoa egin du Ikastolen Elkarteak, Euskal Wikilariak Kultura Elkartearekin elkarlanean, eta asteburu honetan Donostian egiten ari den ‘Wikimedia + Hezkuntza’ nazioarteko konferentziaren barruan aurkeztu dute gaur, Jose Luis Sukia zuzendari nagusiak eta Ander Iturburu gidaren egileak.
Aurkezpenean Sukiak azaldu duenez, Wikipedian sarrerak eginez, «aukera ematen digu gure ikasleen konpetentzia digitala areagotzeko, eta bertan sarrerak ekoitziz, bai Wikipedian zein Txikipedian, gure ikasleek alor desberdinak uztartuta proiektu batean murgiltzeko aukera dute. Ez hori bakarrik, irakasleen arteko elkarlana ere sustatzen du».
Ikastolen Elkarteko zuzendari nagusiak gaineratu duenez, beste hizkuntzetan dauden edukiak euskarara ekarriz, edota Euskal Herriko gaiak euskaraz landuz, «gure hizkuntzari ere ekarpena egiten diogu, eta Euskal Wikilariekin elkarlanean arituz, gure gizarteko beste eragileekin proiektuak aurrera ateratzeko aukera ere ematen digu». «Azken batean, proiektu honen bitartez, gure ikasleekiko, euskararekiko eta gizartearekiko ditugun konpromisoak berresten ditugu», laburbildu du Sukiak.
Gida apliklatuz
Wikipedian edizio-lanetan hasteko, batxilergoko ikasleak dira egokienak. Izan ere, ikasle horiek IKT konpetentzia nahikoa garatuta dute eskatzen zaiena egin ahal izateko.Beste hizkuntza batean idatzitako testuak ulertzeko gaitasuna dute eta gai dira, halaber, testu horiek euskarara itzultzen saiatzeko edo hutsetik testu bat euskaraz sortzeko.
Txikipedia, berriz, 8-13 urte bitarteko umeentzat sortutako euskal entziklopedia da. Sortu berria denez, asko dago egiteko, osatzeko eta moldatzeko. Txikipediaren garapenean, batxilergoko ikasleak ez ezik, DBHkoak ere inplikatzea nahi dute.
Bestalde, ordu gutxiko esperientzia xume batera mugatu daiteke, eta jarraipena norberaren zaletasunaren esku utzi; edota arlo arteko proiektu esanguratsu moduan landu daiteke.
Proiektua garatzean ikasleek landuko dituzten gaitasunez gain, zaletasuna piztea eta etorkizuneko Wikipediako editore aktiboen kopurua handitzea ere bada egitasmo honen helburua.