NAIZ
BILBO

Bizkaian barrena emango du ia egun osoa Korrikak

Goizeko lehen orduan Amurrio eta Laudio igarota, Arakaldotik sartuko da 21. Korrika Bizkaian eta herrialde honetan zehar emango du eguna.

Araban barrena ibili zen atzo Korrika. (Endika PORTILLO/FOKU)
Araban barrena ibili zen atzo Korrika. (Endika PORTILLO/FOKU)

Bizkaiara Arakaldotik sartu ondoren, iparraldeko bidetik jarraituko du Korrikak: Arrakundiaga, Ugao eta, goizeko 10.30ak aldera, Arrigorriaga.

Bazkalordura arte, Hego Uribetik pasako dira lasterkariak (Basauri, Etxebarri…) eta eguerdirako Galdakaora iritsiko dira.

Usansolo pasata, Larrabetzurantz joko dute eta, handik, kostalderako bidean, Txorierriko gainerako herrietan zehar ibiliko dira.

Erandiotik sartuko dira Uribe Kostan eta, arratsaldeko 17.00etarako Leioan izango da lasterketa (EHUko campusa ere bisitatuko du). Handik, Urduliz, Plentzia, Gorliz eta Sopelara joko dute.

Bederatziak pasata Getxon sartuko da Korrika. Bereziak izango dira Getxo eta Portugalete lotuko dituzten kilometroak: udal langile batek eramango du lekukoa Bizkaiko Zubiko eskaileretan gora, han Getxoko alkateari emateko. Honek Portugaleteko alkateari pasatuko dio goi-goian, eta ondoren igogailuan jaitsiko da lekukoa Ezkerraldeko kilometroei ekiteko.

Portugaleten sartu-irtena egin ondoren, Korrika Santurtzira helduko da. Portugaletera joko du berriro eta gero, Sestaora eta Barakaldora. Gauerdi aldean izango da hori.