NAIZ

EIPK-k EH Bilduri botoa emateko deia egin du, «gure borroka eta ametsak bultzatzeko»

Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboak (EIPK) igandean EH Bilduren botopapera aukeratzeko deia egin du: «Hautetsontziak bete behar ditugu, ez bozkaz bakarrik, borrokarako konpromiso irmoarekin baizik».

Iheslariak etxeratzearen aldeko ekimena, iaz Orion. (Jon URBE/FOKU)
Iheslariak etxeratzearen aldeko ekimena, iaz Orion. (Jon URBE/FOKU)

Euskal Preso Politikoen Kolektiboak (EPPK) ezker independentistaren aldeko boza eskatu zuen hilaren 16an eta orain EIPK-k ere jakinarazi du bere hautua. NAIZi helarazitako adierazpen batean honelaxe dio: «Apirilaren 28an Euskal Herriko kaleak eta hautetsontziak bete behar ditugu, ez bozkaz bakarrik, borrokarako konpromiso irmoarekin baizik. Hori dela eta, gure borroka eta ametsak bultzatu nahian, euskal herritarroi EH Bildu bozkatzeko deia luzatu nahi diegu».

‘Apirilak 28: Batasuna, borroka eta garaipena’’ du izenburu adierazpenak. Presoak zein errefuxiatu eta deportatuak «gatazka politikoaren ondorioa garela» gogoratzen hasten da. Beren egoera Estatuek «txantaiarako» erabiltzen dutela salatzen du, eta beren sufrimendua «gure senide, inguru eta herria bera zigortzeko. Hori dela eta, bizitako esperientzian oinarrituz, oso argi daukagu batasunaren balioa», erantsi du.

Jada Espainiaren egoerari begira jarrita, «haize ustelak datoz, alde batetik eskuina, historia iraganeko faxismora eta errepresio bortitzeko garai ilunetara eraman nahian, beraien gorroto eta bortizkeria emakumeen, gazteen, langileen, etorkizunen, herrien kontra zuzenduz», ohartarazten du EIPK-k. «Sozialdemokraziaren inmobilismo konplizea» ere salatu du.

«Hauek dira botere inperalista espainiarrak Euskal Herriari eta Estatu espainoleko herriei eskaintzen dizkiguten eszenatoki bakarrak. Egoera honen aurrean premiazkoa deritzogu borroka fronte berria zabaltzea, emakume eta gizonezko askeak erdituko dituen bidea, langileen eskubideak errespetatuko dituena, hemengoena zein atzerritik etorritako anai-arrebena, gazteei etorkizun hobea eskainiko diena, herriek libreki bere bidea egiten utziko diena, arrazakeria eta biolentzia guztiak behin betiko baztertuko dituena, gizarte aske bat eraikitzeko bideak zabalduko dituena», adierazten du EIPK-k.

«Entzunarazteko momentua iritsi da. Euskal Herrian, kapitalaren eta transnazionalen Europan zein Madrilen herrien ahotsa entzun behar da. Ez entzun nahi gaituztelako, entzunaraziko dugulako baizik –amaitzen du EIPKren mezuak–. Ezin dugu utzi, ez eskuinak ez sozialdemokraziak aurrean ditugun erronkak baldintzatzen, guk geuk jarri behar ditugu helburu horiek betetzeko denborak. Eta horretarako konpromiso garrantzitsuak gure gain hartuz, ezker abertzalearen ahotsak argia izan behar du Euskal Herriko kale zein instituzioetan».