Andoni ARABAOLAZA

David Lama, Hansjorg Auer eta Jess Roskelley Kanadako Mendi Harritsuetan zendu dira

Berriemaile ofizialek baieztatu dutenez, Howse mendiaren (3.295 m) ‘M 16’ bidea igo eta gero, elurrolde batek lehen lerroko hiru alpinistak jaitsieran harrapatu zituen. Dagoeneko berreskuratu dituzte gorpuak.

Aste Santuko oporraldien bezperan, Kanadako Mendi Harritsuetan alarma piztu zen. Mezua argi zein kezkagarria zen: «David Lama, Hansjorg Auer eta Jess Roskelley Howse mendian (3.295 m) desagertu dira». Hots, haien berririk ez zegoen. Aurreko asteetan bezala, hirukote horrek esku artean xede oso erakargarri eta zaila zuen: Howse mendian dagoen ‘M 16’ bidea (VI, WI7+, A2). Hain zuzen ere, Roskelleyren aita izan zen erreskate taldeei deia egin ziena. Hark onartu du, berez, semeak iragan 16an deitu behar ziola, baina, haren berririk ez zuenez, talde horiek alertan jarri zituen.

Helikopteroak Howse mendiaren ingurumariak aztertu zituen, eta ohartu ziren makina bat elurroldez gain, eskaladarako tresneria eta gorpu bat neurri batean lurperatuta ikusi zituztela. Mendiak zuen arriskuagatik, Parks Canadako erreskate taldeek hainbat egun behar izan zituzten hiru alpinista hauen gorpuak berreskuratzeko. Eta, azkenean, joan den 21ean elurrolde batetik atera zituzten.

Jakina, lan horiek aurrera eramatea ez da batere erraza izan, besteak beste, elurroldeen arriskua oso handia zelako. Ingurumari honetan ez bezala, Kanadak elurroldeen eskala ezberdin bat erabiltzen du. Agintariek dioten bezala, hirugarren mailakoa izan zen: «Maila horretan elurrolde batek auto bat lurperatu edo etxe bat birrindu dezake; izan ere, 1.000 tonakoa eta kilometro bat luze izan daiteke. Horregatik guztiagatik, mendiaren baldintzak egonkortu arte, erreskate taldeak geldirik egon ziren». Egunek aurrera egin ahala, Icefields Parkwayn dagoen (Alberta) mendi horretatik espero ziren berriak ez ziren batere baikorrak. Eta aurreratu dugun bezala, duela zortzi egun Lama, Auer eta Roskelleyren gorpuak elurrolde batetik atera zituzten.

Arestian aipatu dugunez, hirukote horrek ezbeharraren aurretik hainbat mendi igo zituen. Guztiak ala guztiak Mendi Harritsuetan dauden klasikoak dira. Pare bat azpimarratuko ditugu: ‘Andromeda Strain’ marra (V, M5, WI5) Andromeda mendian eta ‘Nemesis’ (WI6) Headwall Stanleyn.

Beroketa lan hauek egin eta gero, alpinismoaren kolektiboan sona handia izan duen hirukote hori Howse mendian dagoen ‘M 16’ bidea eskalatzera abiatu zen. Jakin bazekiten kontu handiz ibili behar zirela; eskuarki, elurroldeen arriskua oso-oso handia delako. Alabaina, Scott Backes, Barry Blanchard eta Steve Housek 2000. urtean zabaldutako bide horretan sartu ziren. Urte berean, eskalatutako marraren inguruan, Housek honako azalpenak eman zituen American Alpine Journalen: «Menditik jaisten ari ginela, elurrolde batek Barry harrapatu zuen. Belaun batean min hartu eta helikoptero batek menditik atera zuen. Ekialdeko aurpegian zintzilikatuta dauden izotz egitura ugari eskalatu behar dira. 15 luze egin genituen. Teknikoki gogorra da oso, baina zailena baldintza egokiak bilatzea da. Nik aitortuko nuke baldintza egokiekin topo egitea erabateko amesgaiztoa dela».

Jaitsieran izan zen

Dakiguna da, beraz, joan den 16an, elurrolde batek harrapatuta, zendu zirela goi mailako alpinista hauek. Baina jakin badakigu halaber, Lama, Auer eta Roskelley jaitsieran hil zirela. Eta hori diogu, senitartekoek baieztatu dutelako ‘M 16’ bidea eskalatu zutela. Horretarako Roskelleyk berak gailurrean ateratako argazki bat argitaratu dute. Antza denez, arratsaldeko ordu biak izateko 15 minutu falta zirela tontorra jo zuten. Roskelleyren sendiak honako hau azaldu du: «Erreskate taldeek Jessen bizkar-zakutik telefonoa atera zuten. Guk jaso ondoren, hura zabaldu eta ikusi dugu gailurreko argazkia. Pozez gainezka ikus daitezke. Erreskate taldeen lana txalotu eta eskertzen dugu. Guk, bederen, etapa hau itxi egin dugu».

Oro har, ezbehar horrek alpinismoaren komunitatea erabat hunkitu du. Oso ezagunak izateaz gain, curriculum itzela zuten. Lamak, adibidez, soilik 28 urte zituen; baina, oso gaztea bazen ere, beteranoen mailan jarduten zuen. Hasieran, kirol eskaladako lehietan sona handia hartu zuen. Baina 2009. urtean txipa aldatu eta alpinismora egin zuen salto. Inolako zalantzarik gabe, Patagoniako Cerro Torren dagoen ‘Compresor’ bidean izen handia hartu zuen. Eta ez da gutxiagorako: marra hori lehen aldiz era askean igo zuen. 2012. urtea zen, eta austriarrak jardun hori bere burua babesten egin zuen; hots, bide horretan zeuden iltzeak erabili gabe.

Eta ez dugu aipatu gabe utzi nahi, iaz Nepalgo Lunag Ri mendian (6.895 m) eginiko bakarkako igoera. Auer ere austriarra zen, baina Lamak baino zazpi urte gehiago zituen. Alpinismoan zein eskaladan ibilbide oparoa zuen. Teknikoki aparta zen, eta konpromisoaren aurrean jarrera oso berezia zuen. Bai, bakarka integralean hainbat bide eskalatu zituen; besteak beste, Dolomitetako Marmoladaren hego aurpegian dagoen ‘Attraverso il pesce’ bidea (7b+, 850 m). Hainbat seimilako eta zazpimilako igo ditu, eta horietako batzuk bakarka ere bai.

Roskelley 36 urteko estatubatuarra zen. Hedabide espezializatuetan 2003. urtean indarrez sartu zen. Haren aita Johnekin Everest igo zuen. 20 urte zituen; hau da, munduko mendi garaiena eskalatu zuen mendizale gazteena bihurtu zen. Baina mendi garaiak alde batera utzita, Roskelleyk argi zuen konpromiso handiko alpinismo teknikoaren aldeko apustu sutsua egingo zuela. Alaskan, adibidez, Clint Helander kidearekin batera Huntington mendiaren lehen igoera osoa sinatu zuen. Duela hiru urte izan zen.

Bestalde, lehen lerroko beste alpinista batzuek (tartean haien sokakideek) zendutako alpinista hauentzat laudoriozko hitzak izan dituzte. Reinhold Messnerrek, adibidez, honakoa esan du: «Auer eta Lamak eskaladaren artea dimentsio berrietara eraman zuten. Aurren kasuan, azpimarratu dezaket alpinismoaren diziplina guztietan goi mailan zegoela».

Herve Barmassek, berriz, Lama gogoratu nahi izan du: «Iragan azaroan, Zermatten ginela, Davidek zera galdetu zidan: zeintzuk izango dira etorkizuneko eskalada adierazgarrienak? Galdera horren inguruan hausnartzen hasi eta goizeko hiruretan amaitu genuen».

Eta amaitzeko, Howse mendiaren ‘M 16’ bidearen sortzaileetariko batek, Housek, Auer goraipatu nahi izan du: «Howse Peak inoiz ezagutu dudan mendirik ahaltsuenetariko bat izan da. Eta mendi horretan hiru lagun, hiru kide, zendu dira. Hirurak ezagutu ditut, baina Hansjorg gehiago. Lagun bat izateaz gain, niretzat jainko bat zen».