Ramon Sola

Donostia: EAJ zein PSE goruntz eta Borja Semperren amesgaiztoa, agerikoagoa oraindik

Donostian, agintean segitzeko bidea errazten diote emaitzek EAJ eta PSEren arteko koalizioari, biek nabarmen gora egin dutelako. Morboa PPren bozka galeraren eskutik dator: alderdiaren siglak izkutatzen dabilen Borja Semperri kezkatzeko arrazoiak larriagotu zaizkio.

Borja Semper, Alonso Alonsoren ondoan Gasteizeko Legebiltzarrean. (Juanan RUIZ | FOKU)
Borja Semper, Alonso Alonsoren ondoan Gasteizeko Legebiltzarrean. (Juanan RUIZ | FOKU)

Botu portzentaietan mugimendu handiak utzi dituzte hauteskunde hauek Donostian. Baina nabarmentzen den joera Eneko Goia eta Erneste Gasco buru dituzten alderdien aldekoa izanik, maiatzaren 26rako lehiari begira jarrita aurreikusi daitekeena da EAJ-PSE koalizioa indarturik aterako dela. EAJk 2016an baino 9.400 boz gehiago pilatu du, %21,46tik %27,96ra igaroz, eta PSEk ere ia 8.000 boz gehiago (%15,40tik %21,09ra). Bistan da igandean Estatutik zetorren aldeko haizeak mesede egin diola PSEri eta bultzada bera ez duela maiatzean izango, baina hala ere gaindiezina ematen du batuketa horrek.

Ezkerreko oposizioan, goruntz ageri da EH Bilduren gezia (%12,02tik %15,14ra, 2016ko harekin alderaturik) eta oso beheruntz Podemosena (8.500 boz galdu dituzte Gipuzkoako hiriburuan). Reyes Karrereren hautagaitzari konfidantza ematen dio, Eneko Goiarenaren aurrean izango duen lehia zailari heltzeko.

Eta lo hartzeko zailtasunak izango zituena Borja Semper da, PPren zerrendaburua. Aurrekanpaina abiatu zuenetik, alderdiaren siglak eta logoak izkutatzen ibili da, inolako lotsarik gabe, PPk dakarkion zamaz jabetuta. Alde batetik, emaitza negargarriek arrazoia eman diote, baina era berean oso zaila dirudi alderdiaren gainbeherak Semperrengan eraginik ez izatea. Hamar mila bozetara ere ez da heldu PP Donostian, eta ezin esan Cs-k edo Vox-ek asko kendu diotelako izan denik, bi hauen artean 8.000 eskas batu dituztelako. Itxuraz, eskuin espainiarretik ihes egiten ari diren bozkaemaile horiek EAJ besarkatzera doaz.

2015ean PPk jada hiru zinegotzi baino ez zituela gogoan hartzen badugu, eta orduko Irabazik, Podemosen garai onenetan, bi eserleku baino ez zituela izan eransten badiogu, M26an Donostian aurreikus daitekeen argazkia hauxe da: EAJk, PSEk eta EH Bilduk, hiruek emaitza ona eta talde indartsuak, hiruki formako udalbatzarra osatuz, eta gainerakoak makal eta ordezkaritzari eusteko trantze latzean.