@gara_miantzi

Maiatzaren Lehena, kalitatezko lanaren eta bizitzaren aldeko eguna

«Bizitzaren alde» leloarekin mobilizatuko da ELA; «Kapitala hautsi, bizitzari eutsi» mezuarekin, LAB. Azken hau CGTrekin elkartuko da Baionan, eta CCOO eta UGT ere batera aterako dira kalera, ESK, CNT eta Steilas bezala. Hipotekek kaltetutako plataformakoak eta autonomoak ere borrokan izanen dira, jaitik ere baduen Maiatzaren Lehenean.

Ikasle eta langileak elkarrekin manifestazioan, joan den urteko Maiatzaren Lehenean, Baionan. (Isabelle MIQUELESTORENA)
Ikasle eta langileak elkarrekin manifestazioan, joan den urteko Maiatzaren Lehenean, Baionan. (Isabelle MIQUELESTORENA)

Maiatzaren Lehena aldarrikapen eta jai eguna izanen da. Manifestazioz eta ekintzaz beteko dira Euskal Herriko bazterrak, baina baita besta giroz ere, otordu goxoen inguruan. Hiriburuetako deialdiak jaso ditugu hemen.

ELA: «Bizitzaren alde»

Azken urteetan bezala, ELAk Bilbon eta Iruñean ospatuko du Maiatzaren Lehena. Ororen gainetik bizitza jarriko duen bestelako sistema ekonomiko, sozial eta politikoa eskatuko du bi manifestazio nazionaletan. Bizkaiko hiriburuan, 11.45ean da hitzordua, Jesusen Bihotzean; Nafarroakoan, berriz, 12.00etan, Gurutze Enparantzan. Mitxel Lakuntza idazkari nagusi berria Bilbon izanen da.

Eredu kapitalistari aurre eginez, bizitza bera jarri nahi du erdigunean. Horregatik aukeratu du «Bizitza da lehena. Nuestras vidas frente al capital» leloa. Sindikatuaren arabera, «erabat kontrajarriak diren kontzeptuak dira kapitala eta bizitza, eta bigarrenaren alde egin beharra dago lehenengoari aurre egiteko».

Aldarrikapen eguna da Maiatzaren Lehena, «langile klase bezala dugun harrotasuna lau haizetara zabaltzeko eguna». Baina «festa eguna» ere bada. Horregatik, ekitaldi eta manifestazioen ondotik «adiskidetasun bazkariak» eginen dituzte Areatzan (Bilbon) eta Labriten (Iruñea). Horietara joateko txartelak salgai daude ELAren egoitza guztietan.

LAB: «Kapitala hautsi, bizitzari eutsi»

Iruñean eta Baionan mobilizatuko da LAB, «Kapitala hautsi, bizitzari eutsi» leloarekin. Iruñean, 11.00etatik aurrera bost zutabe osatuko dira aldarrikapen banarekin. Lan borroken zutabea Arrotxapeatik abiatuko da (Matesa), «Euskal Herria contra la precariedad. Lan duina, bizi duin» aldarriarekin.

Feministen zutabea Antsoaindik aterako da, Capuchinoseko biribilgunetik, 11.00etan, «La brecha salarial es un problema político. Lan guztien aitortza orain» lemarekin.

Gazteen zutabeak Txantrean izanen du abiapuntua, 11.00etan Irubide institutuan, «'Bizitzak biziarazi. Prekaritatearen aurka, euskal gazteria lehen lerrora!» eskatuz.

Migranteen zutabea Nabarreria plazatik abiatuko da, «Bertako zein kanpokoak, langile klase berekoak. Vidas dignas para todas» mezuarekin. 11.30ean aterako da, pentsiodunen zutabea bezala. Estafetako bihurgunean dute hauek zita, «Hemen lan egin, bizi, erabaki. Aquí decidimos nuestras pensiones. 1.080 euro orain!» dioen pankartaren gibelean.

12.00etan elkartuko dira bostak Iruñeko Gaztelu Plazan. Eta batera ibiliko dira kalez kale. Toki berera itzuli, eta ekitaldia eginen dute. Garbiñe Aranburu idazkari nagusia mintzatuko da.

Berritasun gisa, M1 Gunea egokituko dute Redin plazan, mobilizazioen ondorengo topagune gisa. 13.30ean zabaldu, eta bazkaria eta «plaza soziala» eginen dituzte. 14.00etan Irrien lagunak, puzgarriak eta jolasak izanen dira, eta 15.00etatik aurrera, The Trikiteens eta Hara-ren musika.

Baionan, LAB eta CGT elkarrekin

LAB eta CGT elkarrekin aterako dira kalera Lapurdiko hiriburuan, Bizi, gazte mugimendua eta EBA Egiazko Berdintasunaren Alde plataforma lagun. Sei zutabek osatuko dute mobilizazioa, aldarrikapen banarekin: klimaren aldeko borroka, munduko langileriaren defentsa, babes sozialaren eta zerbitzu publikoen defentsa, gazteriaren prekaritatearen salaketa eta emakume eta gizonen berdintasunaren aldeko aldarria. Hitzordua 11.00etan da, Santa Ursula plazan. Lan Burtsatik abiatuko dira. Martxaren ondotik, aperitifa izanen dute zain Baionako merkatuan.

PAH: «Klase elkartasuna, desjabetuon indarra»

PAH hipotekek kaltetutako plataformak eta Langileon Autodefentsa Sareak manifestazioa deitu dute Iruñean, 17.00etan Udaletxe Plazan. «Elkarren arteko babesaren, antolakuntzaren eta autodefentsaren» martxa izanen dela iragarri dute.

Lehenago, 14.30ean, bazkaria izanen da dohainik Errotxapeako gaztetxean.

CCOO eta UGT: «Lo primero, las personas; pertsonak aurretik»

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako CCOO eta UGT batera aterako dira kalera hiru hiriburuetan, «Lo primero, las personas; pertsonak Aurretik» leloarekin.

Bilbon, 11.30ean da hitzordua, Jesusen Bihotzean. Loli Garcia CCOOko idazkari nagusiak adierazpenak eginen ditu manifestazioaren aurretik. Donostian Alderdi Ederren da zita eta Gasteizen, Andre Mari Zuriaren Plazan, bietan eguerdian.

Bi sindikatuek borroka eta mobilizazio egun gisa aldarrikatzen dute Maiatzaren Lehena; «aldaketa» eskatzeko, «antolaketa ekonomiko, politiko eta sozial berri bat, lana eta pertsonak jendartearen erdigunean kokatuko dituena». Hazten ari den prekaritatearen eta laneko ezberdintasunen kontra egiteko ere baliatuko dute aukera.

Helburu horien alde kaleak betetzera animatu dute jendea CCOO eta UGTk; «erantzunak exijitzeko, hitzetatik ekintzetara pasatzeko, krisian bortizki ebatsitako eskubideak berreskuratzeko, oraindik jende asko dagoelako lanik gabe eta ez direlako soldatak berreskuratu, bereziki diru-sarrera txikienak dituzten pertsonenak, emakumeak, gazteak, aldi baterako lanaldietan eta baldintza prekarioetan ari direnak».

Bi sindikatuok hamar proposamen biltzen dituen dokumentu bat idatzi dute, «hurrengo legegintzaldian eskubideak eta askatasunak berreskuratzea bultzatzeko».

ESK, CNT eta Steilas: «Batzea posible da»

ESK sindikatuak hainbat mobilizazio antolatu ditu CNT eta Steilasekin, eta batasun hori balioan jarri nahi du. «Ezberdintasunen gainetik», Bilbo, Donostia, Gasteiz eta Iruñeko kaleetan ibiliko dira, «borondatea dagoenean, sindikatuen batasuna eta langileen arteko elkartasuna posible dela» agerian utziz.

Hauteskunde garaian tokatu da aurtengo Maiatzaren Lehena eta hori aintzat hartu dute sindikatuok, bozketak «erabakigarriak izan daitezkeelako langile klasearen interesetarako». Hortaz, praktikan «aldaketa sakonak gauzatzeko exijitu» diete alderdi politikoei.

ESKrentzat, «Maiatzaren Lehena bezala, aldaketa politiko eta sozialak, dudarik gabe, klase kontua dira».

LSB-USO: «Amaitu da jokoa»

Langile Sindikal Batasunak (LSB-USO) Bilbon deitu du manifestazioa, «langileen eskubideekin espekulatzeari utzi» behar zaiola aldarrikatzeko. Horregatik, «Se acabó el juego'» (amaitu da jokoa) leloa aukeratu dute.

Martxa 11.00etan abiatuko da Gran Viako 65. zenbakitik eta Albiako Lorategietan amaituko da. Bertan eginen dute mitina.

Azaldu duenez, hamar urte baino gehiago daramagu krisi batekin jokatzen, fitxak gutxi batzuen alde markatuak dauden mahai joko batean. «Lana joko bilakatu da eta beti berdinek galtzen dute», gaitzetsi du Maribel Muñoz idazkari nagusiak.

«Zarata politiko gutxiago eta jendartearentzat proiektu gehiago nahi ditugu. Eta kalera aterako gara lanaren munduarekiko ludopatia lotsagarri hau salatzeko eta politika ekonomiko, sozial eta laboralen erdigunean pertsonek egon behar dutela aldarrikatzeko, inor atzean gera ez dadin», nabarmendu du.

Autonomoak: «Lan gehien, baina eskubide gutxien»

AUPA kolektiboak (Autonomoak Ekintzarako Elkarrekin, AEE) argi definitzen ditu autonomoak: «Lan gehien egiten dutenak dira, baina eskubide gutxien dituztenak». Beren egoera ezagutarazteko aprobetxatuko du Maiatzaren Lehena. Informazio mahai bat jarriko du Bilboko San Nikolas plazan, 11.30 eta 13.00ak bitartean.

Azaldu dutenez, «oso anitza» da autonomoen kolektiboa, baina ez dago sobera antolatua. «Zaila da gure eguneroko bizitza eta benetako laguntzak eskatzen ditugu autoenplegu egonkorra eta kalitatezkoa izateko».

AUPA norbanako autonomoz osatua dago. Ahalegin handiz zabaltzen dute pertsiana egunero eta indarrak batzea erabaki dute. Facebooken sortutako mugimendu honek 500 pertsona baino gehiago elkartu ditu Araba, Bizkai eta Gipuzkoan (Estatuan ia 50.000).

Aldarrikapenen artean daude Langile Autonomoen Erregimen Berezia aldatzea, Zerga administrazioari egiten zaizkion gehiegizko ordainketak murriztea, kobratu gabeko BEZa errekuperatzeko malgutasuna izatea, autonomoaren Bigarren Aukeraren Legea hobetzea eta erraztasun gehiago izatea derrigorrez bete beharreko legeetan (LOPD, RGPD eta PRI, besteak beste).