Ariane KAMIO
Entrevue
JUSTO EZENARRO
FANT JAIALDIKO ZUZENDARIA

«Nazioarte mailan sona apur bat handiagoa izatea da erronka nagusia»

Mende laurdena bete du aurten FANTek, Bilboko Zinemaldi Fantastikoak, eta iraganari eta datorrenari buruz gogoeta egin du bere zuzendari Justo Ezenarrok. Erronka nagusien artean, nazioartean leiho berriak zabaltzea, nahiz eta jakin jaialdiak bere mugak izan badituela. Alondegiko Golem zinemak erdigune hartuta gauzatzen ari da egunotan hitzordu fantastiko hau.

Mende laurdenera iritsi da FANT. Zer suposatzen du horrek jaialdiarentzat?

Horrek esan nahi du zinemaldia jadanik finkatuta dagoela hirian. Publiko aldetik hazten ari gara urtero eta badaukagu zale mordo bat beti zain dagoena, baina gero eta jende gehiago hurbiltzen da zinemaldira. Gero eta ezagunagoa da eta jende askok ikusi du ez dela bakarrik beldurrezko zinema, baizik zinema fantastikoa orokorrean eta mota askotako proposamenak daudela. Pozik gaude jendea hitzorduaren zain dagoelako eta finkatuta dagoelako hirian.

Publiko desberdina hurbiltzen dela aipatu duzu. Minoritario izaera atzean utzia du FANTek?

Azken urte hauetan aldaketa handiak egon dira hirian. Zinemaldia ere aldatzen joan da. Egoitzak ere aldatu egin dira, zine batzuk itxi, besteak ireki. Eta azkenean uste dut topatu dugula egoitza finko bat Alondegiko Golem zinemetan, eta horrek errazten du hurbiltzea ez bakarrik gure zaleak, baizik eta Golem zinemetara hurbildu ohi diren beste publiko batzuk. Egoitza zentriko bat izateak ere ahalbidetu du publiko zabalago bat izatea.

Horrek esan nahi du klixe batzuk ezabatu direla? Aurten FANTek badu, adibidez, familiei bideratutako eskaintza.

Eskolentzako eskaintzak izan ditugu beti. Astean zehar etortzen ziren beti ikasleak animaziozko pelikulak ikustera, baina aurten beste pauso bat eman nahi izan dugu. 25. urteurrena izanda sail berri bat sortu dugu, Fant Familian, eta gaur eta bihar familientzako pelikulak eskainiko ditugu. Zine fantastikora hurbilketa bat egitea ahalbidetzen digu horrek.

Krisi garaietan ere FANTek ez du etenik izan, edizio bat ez egiteak suposatuko lukeen galeragatik. Jarraitutasun horrek biziraupena bermatu duela uste duzu?

Bilboko Udalean argi geneukan krisi garaietan ere eskaintzen genituen jaialdirik inportanteenak ez zirela desagertu behar. Gerrikoa estutu behar izan dugunean nahiago izan dugu programazio txikiagoa egin edo egun bat gutxiago programatu, baina marka eta jaialdia mantendu. Bagenekien urteren batean egingo ez bagenu, desagertu egingo litzatekeela. Estutasunak pasa ditugu bai Fanten bai beste jaialdi batzuetan, baina orain handitzen saiatzen ari gara.

Hogeita bost urte beteta, etorkizuneko erronkak non kokatzen ditu FANTek?

Zinemaldia hirian finkatuta dago, baina erronka nagusia nazioarte mailan sona apur bat handiagoa izatea da. Hala ere, urratsak egin ditugu aurreko urteetan, Joe Dante bezalako figurak Bilbora ekarri ahal izan ditugulako, eta horrek gero ate asko zabaldu dizkigu. Hala ere, beti daude beste ate batzuk zailagoak direnak zabaltzeko. Baina hor dago erronkarik handiena, nazioarte mailan sona apur bat gehiago izatea.

Sitgeseko jaialdia da agian erreferentzia nagusia zinemaldi fantastikoen artean.

Bai, baina Sitges beste liga bat da! Hori Txapeldunen Liga da! [Barrez]. Sitgesek baliabide asko ditu, aurrekontu handia du eta Europa osoko jaialdien artean erreferentzia da. Bertan biltzen gara halako jaialdietan gabiltzan denok, eta zita ona da kontaktuak egiteko eta jende berria ezagutzeko. Baina ez gara iritsiko inoiz halako mailara. Horrelako jaialdi bakarra egon daiteke Europa osoan. Guk badakigu beste sare batean jokatzen dugula eta saiatzen ari gara daukagun produktua txukuntzen eta sona apur bat handiagoa izaten nazioarte mailan, baina gure mugak ere ezagutzen ditugu.

«Daukagun produktua» aipatu duzu. Euskal zinenak ere badu garrantzia FANT en baitan.

Beti izaten dugu euskal film laburrei eskainitako sail bat. Hortik pasatzen dira zuzendari berriak batez ere, euren film laburrekin hasten direnak. Guretzat oso pozgarria da ikustea film laburrak aurkezten dituzten zuzendari batzuek gero saltoa ematen dutela film luzeetara. Roberto San Sebastian hasi zen film laburrak aurkezten eta gero “La Noche del Virgen” film luzea ere aurkeztu zuen. Eta aurten Jon Mikel Caballero nafarra izango dugu gurekin. Bere garaian film labur bat aurkeztu zuen eta aurten bere lehenengo film luzea aurkeztuko du Sail Ofizialean, “El increíble finde menguante”. Ea hurrengo urteetan ere aurten film laburra aurkezten dutenak luzearekin itzultzen diren.