NAIZ

Egia eta justizia aldarri, Joxe Apaolaza gudaria omendu dute Bizkargiko urteroko ospakizunean

Urtero bezala, ehunka lagun bildu dira igande honetan Bizkargin, 1936ko gerra bertan eroritako gudarien omenez. Aurtengo ekitaldian Joxe Apaolaza ekarri dute gogora bereziki. Juli arrebak hartu zuen parte.

Hunkigarria izan zen igandean Bizkargin eroritakoei eskainitako omenaldia. (Bizkargi Gogoratuz)
Hunkigarria izan zen igandean Bizkargin eroritakoei eskainitako omenaldia. (Bizkargi Gogoratuz)

Egia, justizia eta oroimena aldarrikatuz, ehunka lagun bildu dira igande honetan Bizkargi mendian, «Euskal Herriaren alde eta faxismoaren aurka borroka egin zuten gudariak omentzeko eta gerra hartan nahiz frankismo garaian gertatutakoa gogoratzeko», Bizkargi Gogoratuz elkartetik nabarmendu dutenez.

Ekitaldian, Josu Ibargutxik garai hartako preso eta errefuxiatu izandakoak biltzen dituen Goldatu elkartearen izenean hartu zuen hitza. 1936ko gerra eta frankismo garaian gertatutakoak berriro ez errepikatzeko berme bakarra «egia ezagutzea» eta errudunen «inpunitatearekin amaitzea» dela adierazi zuen.

Hamarkada hauetan guztietan, hori gerta ez zedin «ahazteko eta isilarazteko» ituna egon badela ekarri zuen gogora Ibargutxik. «Ez da kasualitatea beste indarkeria mota batzuetako biktimak aitortzeko legeak egin diren bitartean, 1936ko gerrako eta Francoren diktadura garaiko dozenaka mila biktimak aitortzeko legerik egin ez izana», esan zuen.

Gauzak horrela, Ibargutxik iragarri zuen laster sinadura bilketa kanpaina bat abiaraziko dutela, Gasteizko Legebiltzarrean gerrako eta frankismoko biktimak aitortuko dituen Herri Ekimen Legegile bat aurkezteko.

Honekin batera, ekitaldian Joxe Apaolaza Oiarbide Gabiriako gudariari omenaldia egin zitzaion. Apaolaza Amaiur bataloiko kide izan zen eta Bizkargin borrokan ibili zen. 1937ko maiatza hasieran Bizkargiko baseliza berreskuratzea eta faxisten ikurra handik kentzea lortu zuten. Alabaina, borroka odoltsu hartan tiroz larri zauritu zuten, eta 1937ko maiatzaren 14an hil zen Loiun.

Gertakari hartatik 82 urte igaro direnean, Joxe Apaolazaren senideak eta Juli arreba Bizkargin izan ziren. 87 urteko emakume honen irribarrea, emozioa eta duintasuna nabarmendu ditu Bizkargi Gogoratuz-ek, ekitaldiko unerik hunkigarriena izan zela erantsiz.