NAIZ

Indarkeria matxista kasuak salatzeko dauden zailtasunak salatu ditu Bea Ilardiak

Bea Ilardiak, EH Bilduko Bizkaiko ahaldungaiak, ezinbestekotzat jo du indarkeria matxista pairatzen duten emakumeei arreta integrala eskaintzea eta Aldundiak administrazio guztiak koordinatzeko ardura eta lidergoa hartzea proposatu du Bilboko Areatzan egindako ekitaldian.

Bea Ilardia, EH Bilduren Bizkaiko ahaldungai nagusia. (twitter @ehbildubizkaia).
Bea Ilardia, EH Bilduren Bizkaiko ahaldungai nagusia. (twitter @ehbildubizkaia).

Bea Ilardiak, EH Bilduren Bizkaiko ahaldungaiak, indarkeria matxistaren kontrako koalizio subiranistaren proposamenak aurkeztu ditu asteazken goiz honetan Bilboko Areatzan.

Ilardiak funtsezkotzat jo du eraso matxistak pairatzen dituzten emakumeek salaketa jartzerakoan gaur egun aurre egin behar dioten «labirinto burokratikoa» amaitzea. «Egoera mingarri eta ahul horretan, oztopoak baino ez dituzte topatzen, eta labirinto horrek, ezinezko egiten du behar eta merezi duten erantzun zuzen eta egokia ematea», azaldu du Ilardiak.

Hori dela eta, EH Bilduren Bizkaiko hautagaiak, Aldundiak administrazio guztien arteko koordinazioa bultzatzea eta horren lidergoa bere gain hartzea proposatu du, «indarkeria matxistaren biktimek lehen momentutik bertatik laguntza integrala jaso dezaten».

«Instituzioek emakumeon bizitza erraztu behar dute, eta ez eragozpen gehiago jarri. Azken finean, emakume bakoitzak uneoro behar duen laguntza eta zerbitzuak izatea proposatzen ari gara, bai eta salaketa jartzeko urratsa ematen dutenean behar dituzten laguntza eta zerbitzu guztiak epaitegi eta komisarietan sartu bezain laster jaso ditzatela ere», nabarmendu du Ilardiak.