NAIZ

Udalak Otxarkoagan hartutako konpromezuak ez dituela bete salatu du EH Bilduk

EH Bilduk Bilboko Udal Gobernuak Otxarkoagarekin hartutako konpromezuak bete ez dituela salatu du, eta «utzikeria» leporatu dio. Era berean, auzokideen eskakizunak bete behar direla berretsi du.

EH Bildu Otxarkoagan egon da auzoarentzako proiektua aurkezten.
EH Bildu Otxarkoagan egon da auzoarentzako proiektua aurkezten.

EH Bilduk agerraldia egin du asteazken honetan Otxarkoagan, eta auzoarentzat duen proiektua aurkeztu du. Jone Goirizelaia alkategaiak azaldu duenez, «hobekuntza plan integrala» izango da, «berriztapen urbanistikotik mapa eskolar berrirarte bilduko duena, gaur egun auzoko neska-mutilak kanpora joan behar dutelako D ereduan ikasi ahal izateko».

Azaldu dutenez, EH Bilduk Otxarkoagako elkarteen koordinadorarekin bilera egin zuen pasa den astean, eta horretan auzokideen plana jaso zuen, aurrekontu eta kronogramekin. EH Bilduk balorean jarri du Otxarkoagako «parte hartze eredua» eta «eragile ezberdinen artean akordioetara heltzeko ahalmena, auzoak behar dituen beharrizanak aldarrikatzeko».

«Auzokideak entzun behar ditugu, eta horren alde egingo dugu lan, helarazi dizkiguten aldarrikapenak Udalera eramanez. Bunker horren ateak zabaldu ditugu, zuek Otxarkoagako etorkizuna marraztu eta auzoa merezi duen tokian koka dezazuen», azaldu du Goirizelaiak.

Bestalde, koalizio subiranistaren hautagaia oso kritiko azaldu da Udal Gobernuak egindako lanarekin. Bere ustez, Otxarkoagak «utzikeria» jasan du, eta azaldu duenez, Aburtok zuzentzen duen Gobernuak, «18 neurri zehatz proposatu zituen, auzoak ez zituen horiek eskatzen, baina oinarri gisa, ulertzen genuen baliagarriak zirela. Ba urtebete baino gehiago pasatuta, ez dute bat bera ere ez bete».

Horren aurrean, Goirizelaiak Otxarkoagarentzat arlo ezberdinak barnebilduko dituen plan integrala proposatu du, berriztapen urbanistikoa, mapa eskolar berria, lonja hutsentzat plana martxan jartzea…. «Auzoak eztabaida politikoaren erdigunean kokatuta ditugu hobekuntza horiek lortzeko», nabarmendu du alkategaiak.