Amalur ARTOLA

Maitasunaren eraikitze politikoaz jardunaldia antolatu du Jakinek

UEUren Udako Ikastaroen barruan, maitasunaren eraikitze politikoa eta honen ondorioak izango ditu aztergai Jakinek, uztailaren 11 eta 12an Usurbilen egingo duen jardunaldian. Izena emateko epea zabalik dago.

Gaur aurkeztu dute jardunaldia. (Jon URBE/FOKU)
Gaur aurkeztu dute jardunaldia. (Jon URBE/FOKU)

Antropologoak, arkitektoak eta hezkuntza adituak bilduko ditu uztailaren 11ean eta 12an Jakinek Usurbilen egingo duen ‘Maitasuna politikoa da’ jardunaldiaren baitan. Egungo gizartean nagusi diren maitasun ereduek gainerako pertsonekin zein inguruarekin dugun harremanean nola eragiten digun hausnartu, harreman horiek irauli edo eraldatzeko aukerez mintzatu eta eredu berriak sortzeko moldeez gogoetatzeko plaza eskainiko du.

«Maitasuna ulertzeko dugun moduak gizarte harreman eta gizarte antolamendu jakin batzuk eratzen ditu eta horiek berekin dituzte botere harremanak eta menderakuntza moduak. Harremanen arkitektura horrek guztiak bere hirigintza eta bere arkitektura ditu», azaldu du jardunaldiaren aurkezpenean Lorea Agirre Jakineko zuzendariak. Berekin izan dira aurkezpenean Usurbilgo alkatea, Xabier Arregi, eta UEUko zuzendaria, Kepa Sarasola.

Agirreren iritzian, «maitasuna politikoa da» tesia onartzeak eraikuntza hori aldagarria dela onartzea dakar berekin eta, beraz, gizarte harremanak beste era batera eraikitzea («hobea, justuagoa eta berdinzaleagoa») posible dela baieztatzea dakar. Zentzu horretan, egungo  gizarte globalizatuan nagusi diren bi maitasunak izan ditu hizpide –maitasun erromantikoa eta amatasunaren maitasuna– eta jardunaldiak horiez hausnartzeko espazioa izan nahi duela ziurtatu du.

Eta espazioa izango da, hain zuzen, jardunaldiak begian hartuko duen elementua: hirigintza, espazioak antolatzeko nagusi diren planteamenduak eta horiek norbanakoak espazioarekin zein beste pertsonekin dituen harremanetan eragiten duen modua.

«Ikus dezakegun nolakoa den maitasunaren ideologiaren eraikuntza eta sortzen duen arkitektura. Eta saia gaitezen ikusten ea maitasuna beste modu batez ulertzeak bizikera eta bizileku bizigarriagoak eta berdinzaleagoak eraikitzeak ekar lezakeen», egin du gonbidapena.

Puntako hizlariak

Hausnarketa horietara iristeko abiapuntua alorrean aditu diren hainbat emakumek jarriko dute. Uztailaren 11n, Agirrek berak irekiko du jardunaldia ‘Maitasunaren ideologiaren eraikuntzak eta deseraikuntzak’ sarrerarekin.

12an, Mari Luz Esteban, EHUko antropologoa eta maitasunaren ideologian erreferentziala den adituak maitasunaren menderakuntza izango du hizpide. Bereziki emakumeen kasuan, maitasuna erdigunetik atera eta erdigunera beste elementu batzuk eramatearen beharraz jardungo da.

Espazioari lotuago jardungo dute Oihane Ruiz eta Leire Milikua arkitektoek, hirigintza diseinuan giza harremanek duten eraginaz eta, alderantziz, harreman horiek hirigintzan dutenaz jardungo dira.

Ohiko ereduekin hautsi eta bestelako moldeak planteatzen dituzten esperientziei ere egingo die leku jardunaldiak: Elizondon espazio publikoa haurren begiradatik antolatzeko egin den saiakeraz jardungo da Nora Salbotx NUPeko irakaslea, afektua kontuan hartuta Bakion garatu duten hiri plangintza azalduko du Ula Iruretagoiena EHUko irakasleak eta Usurbilen gazteak eta adinekoak bildu nahi dituen etxebizitza kooperatiboen proiektua izango du hizpide Jone Miner arkitektoak.

Azkenik, egungo etxebizitza eredua auzitan jartzen duen Abaraska proiektuaz jardungo dira kolektiboko kideak eta tailer bat ere izango da, jardunaldian zehar sortzen diren ideia eta proposamenak partekatu eta bestelako eredu baten eraikuntza posiblea garatzeko.

Jardunaldia, esan bezala, uztailaren 11 eta 12an izango da Usurbilen eta izena emateko epea zabalik da jada.