Datuak eskutan, Joseba Permachek bere amaginarrebak Sevillako espetxean preso duten lagun bati asteburuan egindako bisitaren berri eman du Facebooken. Bertan euskal presoen senide eta lagunek egin beharreko joan etorriak zer nolakoak diren aletzen ditu. Bi eguneko epean ia mila aldiz izan dira elkarbanatuak lerroak, «espetxeen inguruan gertatzen den guztia ikusi araztea eta salatzea denon eginbeharra» dela sostengatuta.
«Nire amaginarreba oraintxe heldu da etxera, Sevillan preso dagoen lagun bati bisita egin ostean. Ostiralean atera zen etxetik». Hala du abiapuntu igande arratsaldean Joseba Permachek bere Facebookeko orrialdean egindako idatziak. Lerro horiek dispertsioak eta sakabanaketak euskal preso politikoen senide eta lagunengan duten eragina aletzeko helburua dutela aitortzen du.
Senide eta lagunak Andaluziako presondegietara eramaten dituen autobusaren ohiko funtzionamendu eta ibilbidea deskribatzen ditu bere amaginarreba protagonista moduan hartuta. «Ostiralean arratsaldeko 17.30tan atera zen etxetik eta 18.00tan hartu zuen Donostian, beste senide eta lagunekin batera, Sevillara eramango zituen autobusa», dio.
«Autobusa Bilbotik pasatzen da ondoren, senide bizkaitarren bila, eta Gasteizetik pasa ostean, ekiten dio bidaiari. Kilometro batzuen ostean eta dagoeneko gauez, autobusak etenaldia egiten du, bidaiariek afaldu eta lo egiten ahaleginduko diren ohatzeak muntatzeko», jarraitzen du Permachek. Era berean, bidaian umeak eta adinean aurrera doazen pertsonak daudela nabarmentzen du eta guztiak, gaua autubosean pasatzeko,«hala moduz antolatzen» direla gehitzen du.
«Goizeko lehen orduan, autobusak Sevilla kanpoaldean uzten ditu bertan dagoen espetxera doazenak, autobusak Puerto de Santa Mariako kartzela duelako helmuga. Autobusetik jaitsi orduko, beste autobus bat hartu behar dute aireportura joateko», dio. «Sevillako espetxea urruti dago eta ez dago bertara iristeko garraio publikorik. Aireportuan kotxe bat alokatu beharrean aurkitzen dira senide eta lagunak, kartzelara iritsi ahal izateko», azaltzen du.
«Kotxea hartuta goizeko 10.00tako bisitara heltzen dira. 16 ordu daramazkie etxetik kanpo. Bisita 40 minutukoa da. Bai, 40 minutu bakarrik», nabarmentzen du zarauztarrak.
«Normalean senideek hilero bi orduko pare bat bisita izan ohi dute, kristalik gabe egoteko aukera bakarra. Bisita hauek baina, arratsaldez ezartzen dituzte eta hortaz, autobusa hauek bukatu arte ez da ateratzen. Lagunek, noski, itxaroten dute», gehitu du.
«Autobusa gaueko 22.30tan ateratzen da, eta bisita amaitzen dutenetik, 11.00tatik, gaua arte non egon ez dutenez, senide eta lagunek hotel bateko gela bat alokatzen dute atseden hartzeko».
«Arratsaldeko bisitak bukatuta, aireportura itzuli, kotxea bueltatu, hirira eramango dituen lineako autobusa hartu eta Euskal Herrira ekarriko dituen autobusaren zain egon behar dute. Behin autobusean, beste 12 orduko bidaia dute aurretik», jarraitzen du.
«Igandea goizeko 10.00. 40 ordu igaro dira 40 minutuko bisita bat egiteko autobusa hartu zutenetik. 40 orduko bidaia 40 minutuko bisita batentzako eta pertsonako,bataz beste, 150 euroko gastua», dio datuak mahai gainean ipiniz.
«Hau guztia maitasun eta konpromiso askorekin egin daiteke bakarrik. Baina zergatik sufritu behar dute hau guztia? Presoek euren zigorra etxetik gertuenen dagoen espetxean bete behar dutela dion legedia betetzen ez delako gertatzen da hau guztia. Beste hamaika arrazoiren artean, senide eta lagunek sufrikario hau ez jasateko», salatzen du idatziak.
Espetxeen inguruan gertatzen den guztia ikusi araztea eta salatzea «denon eginbeharra» dela defendatuta bukatzen da idatzia.