NAIZ
GASTEIZ

NBEra joko duten Martxoaren 3ko biktimei babesa adierazi die Arabako Aldundiak

Arabako erakundeek auzitegietan aurkeztutako kereilek aurrera egiterik izan ez dutenez, Martxoak 3 elkarteak Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideen Batzordean eman nahi du auziaren berri. Bide horretan babesa adierazi die Arabako Aldundiak erakunde adierazpen batean.

Manifestación en Gasteiz para recordar a las víctimas del 3 de marzo de 1976. (Endika PORTILLO/FOKU)
Manifestación en Gasteiz para recordar a las víctimas del 3 de marzo de 1976. (Endika PORTILLO/FOKU)

Giza Eskubideen Batzordeari ere zuzenduko dioten erakunde adierazpen batean, Arabako Aldundiak babesa eta elkartasuna agertu die 1976ko martxoaren 3ko gertakarien biktimei, zein haien ahaide eta hurbilekoei. 

Batzorde hori aditu independenteek osatutako organo bat da, Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Itunaren aplikazioa gainbegiratzen duena.

Ildo horretan, foru erakunde arabarrak «berriro» adierazi nahi izan du biktimek eta beren ahaideek «eskubidea dutela egun hartan egin ziren giza eskubideen urraketa nabarien inguruan egia osoa ezagutzeko». 

Sarraskiaren biktimentzako «justizia, konponketa eta berriro ez gertatzeko bermearen» eskakizuna ere berretsi du Aldundiak. 

Azkenik, ebatzi dute adierazpenaren berri ematea Nazio Batuetako Giza Eskubideen Batzordeari eta egia, justizia, konponketa eta berriro ez gertatzeko bermea bultzatzeari buruzko errelatore bereziari. 

Arabako erakunde nagusiek kereila desberdinak aurkeztu izan dituzte epaitegietan gertatutakoa epaitu dadin, baina auzibideek ez dute aurrera egin.