Galdakaoko panorama politikoa asko aldatu da azken hauteskundeen ostean. EAJ, boto gehien lortu dituen alderdia izan arren, ia 900 boto galdu ditu. 2015ean lortutako 5.023 bototik, 4.129 izatera pasatuz, eta 9 zinegotzitik 6ra. EH Bilduk kontrakoa egin du, 935 boto gehiago lortu ditu, eta 3.597 lortu ditu guztira, 4 zinegotzi izatetik 6 izatera pasatuz. Horretaz aparte Auzoak plataformak 2.728 boto eta 4 zinegotzi lortu ditu hirugarren indarra izanik. PSEk eta Usansolo Herriak 2 zinegotzi lortu dituzte bakoitzak eta Podemosek 1.
Emaitza hauekin, alkatetza lortzeko aukera du EH Bilduk, baina bere 6 zinegotziekin batera beste 5 beharko ditu. Horrenbestez Auzoak Plataformak eta Usansolo Herria taldeek alkatea nor izango den erabakitzeko ahalmena dute.
Iñigo Hernando, EH Bilduko zerrendaburuak poztasun handiz hartu ditu hauteskundeetako emaitzak, «itzela izan da», adierazi dio BILBOTARRAri. Koalizio soberanistaren gorakadaz aparte, Auzoak plataformak lortutako emaitza positiboki baloratu ditu ere. Hernandoren ustez, emaitza honek «argi utzi du herritarrek aldaketa bat nahi dutela». «Iraganean EAJk izan duen hegemonia kontuan harturik, momentu historiko batean gaude», nabarmendu du.
Hernandok argi utzi du EH Bilduk aldaketa hori bultzatuko duela, eta koalizioko oinarriarekin emaitza baloratu ostean, beste taldeekin hitz egiten hasiko direla argitu du.
Emaitza hauek herriak dituen gabezien isla dela uste du Hernandok. Besteak beste, metroaren gaia, auzoen eta zentroaren artean dagoen aldea, etxebizitzaren arazoa, zerbitzuen gabeziak, polikiroldegiaren egoera, aparkalekuaren arazoa... aipatu ditu EH Bilduko zerrendaburuak. «Uste dut jendea erreta dagoela, eta askok ikusi dute udalerria eraldatzeko tresnarik eraginkorrena gu garela oraintxe bertan».
Era berean EH Bilduk urte asko daramatzala proposamenak egiten azpimarratu du Hernandok, «plenoetan bertan bera geratu diren arren», eta horrek jendeak koalizio soberanistarekiko duen konfiantza igo egin duela azpimarratu du.
Bestalde azken urtean egindako lana nabarmendu du Hernandok. «Kanpaina baino aurretik hasi ginen irudi aldaketa bat egiten. Ahalik eta jende gehien biltzen eta gure proposamenak Galdakaoko leku guztietara eramaten saiatu gara. Ia 30.000 biztanleko udalerria da Galdakao, ez da gutxi, baina jendea ilusio handiz egon da lanean», azaldu du.