NAIZ

Justizia feminista, eztabaidagai larunbatean Bilbon, Foro Sozial Iraunkorraren eskutik

Larunbatean ‘Justizia feminista eztabaidagai’ izeneko jardunaldia ospatuko dute Bilbon Foro Sozial Iraunkorreko Genero Lan Taldeak eta Justizia Feminista Mintegiak. Kontzeptu horren inguruan solastuko da eta hainbat esperientzia jarriko da mahai gainean.

«Nik sinisten dizut» lelopean, emakume torturatuei buruz Donostian egin zen mahaingurua. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)
«Nik sinisten dizut» lelopean, emakume torturatuei buruz Donostian egin zen mahaingurua. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)

2017. urtean ekin zion lanari Foro Sozial Iraunkorrean ikuspegi feministatetik eragiteko asmoz sortutako lan taldeak. «Ordutik hona, lan dezente egin dugu, baina batez ere 2017ko urriaren 8an Bilboko Solokoetxen antolatu genuen ‘Nik sinisten dizut. Emakumeen egia aitortu’ ekimena mugarri bilakatu zen bakegintzaren eraikuntza kolektiboan feminismotik eragin nahi dugunontzat», ekarri dute gogora larunbateko jardunaldi honen harira.

Abiapuntu hori hartuta, «azkenaldian ondo gogoetari bueltaka ari gara: Zer da justizia guretzat? Zein da eta nolako izan beharko lukeen justiziaren kontzeptuak eta ereduak guretzat? Nondik has gaitezke berau eraikitzen?». Honi guztia erantzun nahian dator larunbateko jardunaldia, Bilboko Arrupe Etxean larunbatean goizez eta arratsaldez egingo dena.

Jardunaldia emakumeentzat bakarrik izango da. Itzulpengintza zerbitzua eta bertan bazkaltzeko aukera izango da, beti ere izena aldez aurretik emanez.

10.15etan abiatuko dira ekimenak, harrera ekitaldiarekin. 10.30etatik aurrera, ‘Hamaika hari-mutur, hamaika begirada’ lelopean mahainguruan bilduko dira Estibaliz de Miguel (soziologoa eta EHUko irakaslea) eta Bego Casado (jurista feminista eta Grup Antigonako kidea).

Atsedenaldiaren ostean, 12.15tik 13.45ra, ‘Zertaz ari gara justizia feminista esaten dugunean?’ izenburu duen tailerra egingo da. Bazkaldu ondoren, horren ondorioak aterako dira. Eta 17.00etatik 18.30etara, ‘Gaur ez da dena hasi. Esperientzietatik ikasiz’ mahainguruan parte hartuko dute Nagore Larrazabal ikerlariak, Ainhoa Narbaiza eta Marta Luxan Joxemi Zumalabeko kideek eta Egiari Zor fundazioko Ainara Esteranek.