NAIZ+

Desorden taldeko bi emakume erasotu zituzten Aramaioko Eguzkierripa rock jaialdian

Aramaixo Tropikaleko Gazte Asanbladak gogor salatu du erasoa, neurriak hartzeko konpromisoa hartuz.

Perlata taldeko kideak, haiek ere izan ziren Eguzkierripa rock jaialdian.
Perlata taldeko kideak, haiek ere izan ziren Eguzkierripa rock jaialdian.

Maiatzaren 25ean Aramaion ospatu zen Eguzkierripa Rock jaialdian Desorden punk taldeko bi emakumeek eraso sexista jasan zuten. Hala Bedi irratiak eman du erasoaren berri, Aramaixo Tropikaleko Gazte Asanbladaren ohar batean oinarrituz. Taldea eszenatokian zegoenean, gizonezko bat Desorden taldeko abeslariari eta baxujoleari traba egiten ibili zela salatu dute gazteek oharrean. Abeslariak gainera, mikrofono bidez deseroso sentitzen ari zela eman zuen aditzera; bere «espazioa inbadituz eta askatasuna urratuz» ari zirela salatu zuen.

Salaketa entzunda, jende artean zegoen emakume bat erasotzailearengana hurbildu eta alde egiteko esan zion. Haatik, Aramaioko Gazte Asanbladaren esanetan, publikoan zegoen jendeak ez zuen inolako neurririk hartu «egoera saihestu eta behar zuen erantzuna emateko».

Egoera honen aurrean, Aramaixo Tropikaleko Gazte Asanbladak barkamena eskatu dio erasoa salatu zuen musika taldeari behar zuen babesa eta laguntza ez emateagatik. Era berean, erasotzailea jai gunetik ez botatzeagatik ere eskatu du barkamena.

Eraso sexistaren ostean, jaialdiaren antolakuntzak barne hausnarketa bat egiteko beharra ikusi du eta aurrerantzean, beharrezkoak diren neurriak hartzera konprometitu da. Horretaz gain, protokolo feminista abian dela ohartarazi dute.

Aramaixo Tropikaleko Gazte Asanbladak ezinbestekotzat jo du jai ereduaren inguruko lanketa ikuspegi feminista batetik egitea. Modu honetan, «jaiak eredu askatzaileak praktikara eramateko eta nahi ditugun herri eta harreman ereduak eraikitzeko» beharra aldarrikatu dute.