Naiz

David Plaren aurkako euroagindu auzia irailean aztertuko dute Parisen

Espainiar Auzitegi Nazionalak igorritako euroaginduaren berri eman diote, gaur Parisen, David Pla preso ohiari. Azkenik, eskaera ez dute gaur aztertu, auziaren data heldu den irailaren 25ean jarri dutela. Dei Auzitegiak egun berean jakitera emanen du Iratxe Sorzabal preso irundarraren aurka Madrilek igorritako hirugarren euroaginduari buruzko erabakia. Lehenengo biak onartu zituen franziar justiziak.

David Pla. (Guillaume FAUVEAU)
David Pla. (Guillaume FAUVEAU)

Parisko Dei Auzitegian hitzordua izan du, gaur arratsaldean, David Pla preso ohi nafarrak. Hala ere, auzitegiak ez du aztertu apirilaren 18az geroztik libre dagoen euskal herritarraren aurka espainiar Auzitegi Nazionalak igorritako euroagindua. Finean, euroaginduari buruzko auzia heldu den irailaren 25ean iraganen da.

Madrilek aurkezturiko euroaginduan agertzen diren akusazioengatik frantses poliziak Pla atzeman zun dagoeneko, 2010. urtean. Alta, handik egun gutxitara libre utzi zuen inolako bermerik jarri gabe. Afera ez zuen, beraz, jarraipen judizialik izan.

Bestalde, irailaren 25ean ere aipaturiko auzitegiak bere erabakia jakinaraziko du Iratxe Sorzabal preso irundarraren aurka espainiar Auzitegi Nazionalak igorritako hirugarren euroaginduari buruz.

Aurreko biak onartu zituen frantses justiziak, nahiz eta Sorzabalek atxiloketa garaian jasandako torturen salaketa berretsi zuen auzian zehar, Istanbulgo protokoloaren araberako txosten baten bidez.