NAIZ
DONOSTIA

Bizkaira zabalduko da aurten Umetoki Lepoko Minbiziaren Baheketarako Programa

Osakidetzak Bizkaiko osasun erakunde integratuetara zabalduko du Umetoki Lepoko Minbiziaren Baheketarako Programa, urtea amaitu bitartean, Gipuzkoan eta Araban ezarpena bukatu ondoren. 

Urkulluk Donostiako Unibertsitate Ospitalean dagoen Umetoki Lepoko Minbiziaren Baheketa Unitateko azken belaunaldiko laborategia bisitatu du. (IREKIA)
Urkulluk Donostiako Unibertsitate Ospitalean dagoen Umetoki Lepoko Minbiziaren Baheketa Unitateko azken belaunaldiko laborategia bisitatu du. (IREKIA)

Programa honen bidez dagoeneko ia 19.000 emakumeei hitzordua eman zaie, gutunez, osasun zentrora joan daitezen, umetoki lepoko minbizia garatu aurretiko minbiziaren aurreko lesioak detektatzeko proba erraz bat egitera, kontuan hartuta emakumeetan ohikoenak diren minbizietan laugarrena dela.

Programa 2018ko ekainean jarri zen abian esperientzia pilotu gisa, Debabarrenan. Dagoeneko martxan da Araban eta Gipuzkoan, eta urte honetan zehar Bizkaiko osasun erakunde integratu guztietan ezartzea aurreikusi da. Zehazki, gutuna jaso duten Basurtuko erakundeko emakumeek hitzordua izango duten lehen eguna uztailaren 1a izango da; horretarako, egunotan 868 dei egingo dira. Urrian, Barrualde-Galdakao erakundea sartuko da, eta gainerako hirurak, Barakaldo-Sestao, Ezkerraldea-Enkarterri-Gurutzeta eta Uribe, abenduan sartuko dira baheketa programan.

Horrela, programaren lehen fasea amaituko da. Fase honetan lehentasuna eman zaie 25 eta 29 urte bitarteko emakumeei, gonbidapena egiteko orduan. Pixkanaka, adin tartea zabaldu egingo da, harik eta, 2023an, xede diren 25 eta 65 urte bitarteko EAEko emakume guztiengana heldu arte.

Beraz, programa 2018ko ekainean abiatu zenetik, Osakidetzak 18.909 gutun bidali dizkie emakumeei. Eskualdeen arabera, gutunak honela banatu dira: Araban 7.068 gutun, Arabako Errioxan 373, Debagoienan 1.425, Debabarrenan 2.344, Goierri-Urola Garaian 872, Donostialdean 5.458, Bidasoan 655 eta Tolosaldean 714.

Orain arte, Araban eta Gipuzkoan proba egin duten emakume guztietatik %3-4 inguru ginekologoarenera bideratu da, proba zehatzagoak egitera (kolposkopia), diagnostikoa egiaztatzeko edo gezurtatzeko eta, beharrezkoa izanez gero, tratamendua emateko.

Iñigo Urkullu lehendakariak Donostiako Unibertsitate Ospitalean dagoen Umetoki Lepoko Minbiziaren Baheketa Unitateko azken belaunaldiko laborategia bisitatu du gaur, Nekane Murga Osausn sailburuarekin batera. Laborategi horretara bidaltzen dira EAEko lagin guztiak, bertan aztertzeko.