Maider IANTZI

Teila Fabrika: enpresak eta egiatarrak lotzeko lekua

Donostiako Egia auzoan, 1903. urtean irekitako Teila Fabrika zegoen tokitik hurbil, Iruresoro pasabidean kokatzen da lantegi haren izena, irudia eta memoria gordetzen dituen proiektu berria. Atzo zabaldu zuten elkarlanean ekiteko eta konektatzeko espazioa, «coworking»-etik harago doana.

Maddalen Serras Egian bizi den zarauztarra eta Aitziber Lizarribar egiatarra Olatu-Hormako langileak dira. Teila Fabrikan lan eginen duten enpresen artean harremanak eta dinamikak bultzatzeaz arduratuko dira. Auzoko merkatari, elkarte eta bizilagunekin ere egin nahi dute elkarlana, eta programa soziokultural bat sortu. Ez dira espazio bat uztera mugatuko; harremanak sustatuko dituzte coworking edo lan kooperatiboaren bidez, baita auzotarrekin ere. Bokazio horrekin jaio da Teila Fabrika berria.

Berria diogu, aurretik ere egon zelako Egian Teila Fabrika. 1903 jarri zen martxan eta jendea erakarri zuen, batez ere Astigarragatik. Kontatzen dutenez, haiei esker euskal giroa zegoen. 40 bat langile ziren. Hasieran oinez etortzen ziren, baina gero etxeak eraiki zituzten. Fabrikako 40 metroko tximinia luzea zen auzoko erreferentzia, 1962an bota zuten arte. Lantegia 1932an gelditu zen krisi bat egon zelako. Berriro saiatu ziren irekitzen, baina 1936an guztiz itxi zuten.

Garai hartako lan egiteko era nolakoa zen eta nola aldatu den hausnartzetik sortu zitzaien proiektu berriaren ideia Olatu-Hormakoei. «Lan egiteko era berri horren erreferente bat izatea nahi dugu». Olatu-Horma, Egialan eta Harago enpresen lantokia izanen da, baita hirurak (eta Aulkia) biltzen dituen Hardit taldearena ere.

Baina jende aunitzez gehiagorentzako dute lekua. Ekonomia sozial eta eraldatzailean kokatzen diren enpresak erakarri nahi dituzte. «Proiektu horiei espazio eta sare bat eman, eta sustatzea da xedea. Coworking edo elkarlanerako espazioekin, euren arteko dinamikak eta ezagutzak sustatu nahi ditugu». Bestalde, Egiarekin eta Donostiarekin lotuak egon nahi dute. Elkarteei ireki diete espazioa, elkarlanean aritu eta programa soziokultural bat osatzeko asmoz.

Alde batetik, elkarlanerako espazio bat du Teila Fabrikak. Bertan lan eginen dute egunero fabrika lantoki gisa hartuko dutenek. Bestetik, gune balioaniztunak ditu. Kanpoko edozein enpresa edo elkarte etor daiteke erabiltzera, ikastaro edo tailerrak ematera. «Ea guztien artean zer ekosistema sortzen dugun. Ea nola elika dezakegun elkar».

Arlo batekoak bestekoari erakutsi

Pertsona eta elkarteek egiten duten lana konektatuz euren indarra handitzea lor daitekeela uste dute Serras eta Lizarribarrek. «Jende asko bakarrik sentitzen da lanean eta esaten digute gustatuko litzaiekeela beste norbaitekin harremana izatea, nahiz eta beste arlo batekoa izan». Arlo batekoak bestekoari erakuts diezaioke. «Jende asko dago lan asko egiten eta gu zabalik gaude. Eskatzen dutenera moldatzen saiatuko gara. Ez dakigu benetan zer behar edukiko duen bakoitzak, orduan moldagarria izateko diseinatu dugu proiektua. Etortzen direnak entzun nahi ditugu eta horren arabera joango da egitasmoa garatzen».

Kudeaketa lanak eginen dituzte Serras eta Lizarribarrek: lokala ireki, prestatu, erabiltzaileei kasu egin, administrazio kontuak… Eragile ezberdinen artean harremanak sortzen ere lagunduko dute, eta komunikazioaz arduratuko dira, fabrikatik kanpora eta kanpotik fabrikara. Bakoitzak zer behar duen ikusiko dute momentu bakoitzean, eta bertan ase daitezkeen edo soluzioa kanpoan bilatu behar den baloratuko dute. Eta alderantziz, auzoko elkarteek behar batzuk izan ditzaketelako barruan bete daitezkeenak. «Desberdinduko gaituena hori ere bada, guk ere lan egingo dugula elkarlan horretan».

Azaldu dutenez, coworking publikoak hazitegi gisa sortuak dira eta sartzen direnek epe bat dute hortik ateratzeko. «Hutsunea ikusten genuen, epe hori bukatzean jarraitu nahi dutenek sekulako alokairuak topatzen dituztelako». Espazio honetan ez dute eperik jarri.

Auzo bizia da Egia. Krisialdian hainbat denda itxi zen. Baina Tabakalera egin zutenetik goraka hasi da. Taberna bat ireki dute, Egia kalea bete da, coworking bat dago argazkilaritzaren inguruan... «Berpizten ari da». Kulturalki ere gazte piloa ari da lanean: eskubaloian, dantzan, talde feministan, jaiak antolatzen... Testuinguru aproposean jaio da, hortaz, Teila Fabrika berria.