NAIZ
DONOSTIA

Osakidetzaren eta Onkologikoaren Kudeaketa Klinikoko Unitateari argi berdea eman diote

Kudeaketa Klinikoko Unitatearen sorrera onartuta, Onkologikoa eta Osakidetza uztartzeko bidean urrats berri bat eman dute, «zerbitzu integratu eta bakar bat» eskaintzeko helburuarekin. 

Onkologikoaren eta Osakidetzaren integrazioan urratsak ematen segitzen dutela nabarmendu du Lakuako Osasun sailburu Nekane Murgak. (Gorka RUBIO/FOKU)
Onkologikoaren eta Osakidetzaren integrazioan urratsak ematen segitzen dutela nabarmendu du Lakuako Osasun sailburu Nekane Murgak. (Gorka RUBIO/FOKU)

«Onkologikoa eta Osakidetza uztartzeko beste urrats bat gehiago eman dugu, ahalegina, talentua eta ezagutza batuz, gipuzkoarren eta, oro har, Euskadiko gizarte osoaren osasunaren eta ongizatearen alde», azpimarratu zuen atzo Osasun sailburu Nekane Murgak, Kudeaketa Klinikoko Unitateak argi berdea jaso ondoren. 

Organo honen bidez integratuko dira, alde batetik, Onkologikoko onkologia- eta erradioterapia-baliabideak, eta, bestetik, Donostialdeko ESIaren onkologia-, erradioterapia- eta onkohematologia-baliabideak.

Osasun sailburuaren esanetan, «helburua zerbitzu integratu eta bakar bat eskaintzea da». «Euskadiko eta Gipuzkoako gizarteak jakin behar du, lehenago bi zentro bazeuden ere, orain zerbitzu bakarra dagoela, erreferentea izan nahi duena, asistentziari dagokionez ez ezik, ikerketa onkologikoari dagokionez ere bai».

Kudeaketa Klinikoko Unitate honen zerbitzu-zorroa bi zentroetako edozeinetan eskainiko da, baina zuzendaritza asistentzial bakarra egongo da, kudeaketa klinikoaren ikuspegiarekin. Sara Arevalo doktoreak zuzenduko du Kudeaketa Klinikoko Unitatea, lanpostua araubidearen arabera bete bitartean.

Organo berri hau sortu eta gero, bi zentroetako tumore-batzordeen integrazioa izango da hurrengo urratsa, baita onkologiako zerbitzuetarako itxarote-zerrenda bakarrak osatzea eta EAEko herritarren historia kliniko elektronikoa bateratzea ere, Onkologikoaren integrazio asistentzial erabatekoa lortzeko beharrezko pausoa baita.

Murgak gogoratu zuen gaur egun minbizia dela EAEn heriotza kausa nagusia eta hari aurre egitea Lakuaren lehentasunetako bat dela.