Ez zegoen sorpresarako tarte handirik, eta ez da inolako sorpresarik izan; Eneko Goiak karguari eutsi dio eta Donostiako alkate izaten jarraituko du. Maiatzaren 26an hautagai jeltzaleak hauteskundeak irabazi zituen, eta gaur bere alderdiaren botoez gain PSErenak ere eskuratu ditu, hamabost orotara. Erabateko gehiengoa, beraz, 27 ordezkari dituen udalean.
Aurreko legealdian bezala, EAJk eta PSEk osatuko dute Gipuzkoako hiri nagusiko udal gobernua, baina orain lehenengo alderdiak pisu handiagoa izango du, hamar zinegotzi eskuratuta bere bazkidearenak bikoiztu baititu. Heldu diren egunetan iragarriko da nola geratuko den osatuta Goiaren kabinetea, eta zein ardura izango duen alderdi bakoitzak.
Hauteskundeetan bigarren indarra izanik, Reyes Carrerek gidatuko duen EH Bilduren udal-taldea izango da oposizioaren buru.