NAIZ

Xabier Ezeizabarrena (EAJ) da Gipuzkoako Batzar Nagusietako lehendakari berria

Gipuzkoako Batzar Nagusiak osatu dira gaur goizean eta Xabier Ezeizabarrena EAJko kidea izango dute lehendakari, Eider Mendozari lekukoa hartuz. Mahaian EH Bilduko ordezkari bat, PSEko beste bat, Elkarrekin Ahal Dugurena eta EAJren beste bat ere eseriko dira.

Xabier Ezeizabarrena, Markel Olanok zoriondu duen unean. (Jon URBE | FOKU)
Xabier Ezeizabarrena, Markel Olanok zoriondu duen unean. (Jon URBE | FOKU)

30 bozen babesa izan du Ezeizabarrenaren hautagaitzak, EAJ eta PSErenak alegia, eta horri esker gaur gaurtik Gipuzkoako Batzar Nagusietako lehendakari berria da.

Ondoren egin duen hitzaldian herrialdeak dituen zenbait erronka aipatu ditu, era honetan: «Politika irekia behar dugu. Orain 325.000 gipuzkoarrek du lana, duela lau urte baino 25.000 landun gehiago. Krisialdiaren eraginez, 2015ean 44.000 gizon-emakume zegoen lana galduta, eta langabezia %13koa zen; orain %8tik beherakoa, eta 27.000 gipuzkoar ogibiderik gabe. Zorionez, 18.000 langabe gutxiago, eta hala ere, oraindik asko. Lanik gabe geratzen den pertsona, egoera horrek harrapatzen du zeharo; beraz, herriaren onaren ikuspegi orokorra, eta, aldi berean, giza mailara jaisten den begirada uztartzen dituen politika behar dugu».

Mediterraneoan etorkinei laguntza eman nahian dabilen Aita Mari proiektuari emandako «laguntza apala» aipatu du Ezeizabarrenak. ETA desagertu dela eta «gure artean bakea egonkortu» dela aipatu du jarraian. Eta gero «herri izaera bera ukatua» dugula nabarmendu Batzar Nagusietako agintari berriak, Katalunian «demokrazia zauritua» dela erantsiz.

Mahaia osatuko dutenak hauetxek dira: lehenengo lehendakariordea, EH Bilduko Ernesto Merinok, 21 boz lortu dituelarik (bere taldeko 17ak eta Elkarrekin Ahal Dugurenak); bigarren lehendakariordea, Julio Astudillo PSEkoa; eta idazkariak, Victoria Eizagirre (Elkarrekin Ahal Dugu) eta Saioa Bandres (EAJ).