Astelehenean, uztailaren 1ean, martxan jarriko da EuskarAbentura. Dena prest dute antolatzaileek bigarren espedizioa abiatzeko. 798 kilometroko ibilbidea aurretik, Euskal Herria oinez zeharkatzea eta euskararen lurraldeko geografia, kultura nahiz historia lagunartean ezagutzea izango dute helburu. 121 neska-mutilek, –jzioquitarrek-, parte hartuko dute aurtengo espedizioan eta 31 egunez biziko dute abentura nomada hau.
Parte hartzaileek behar bezalako arreta, zaintza eta tratua eskaintzeko, bai eta 798 kilometroak mamiz, esanahiz eta balorez betetzeko, buru-belarri ibili dira lanean antolatzaileak. Egitaraua kudeatu eta zaintzeaz arduratuko diren xerpa edo begiraleak eta komunikazio, osasun eta logistika taldeko kideek formakuntza asteburua egin berri dute Barriako aterpetxean, elkar ongi ezagutu, taldea errotu eta espedizioko azken detaileak ixteko asmoz.
121 gazteen erreferente izango den taldea trinkotzeko ez ezik, hilabete osorako irizpide eta jarraibideak ezartzeko ere baliatu dituzte egun hauek. Formakuntza-asteburuaren xede garrantzitsuena 31 etapen behin betiko eduki-programazioa partekatzea eta azaltzea izan zen. Izan ere, orotara 50etik gora jarduerak aberastuko dituzte EuskarAbentura 2019 espedizioko 798 kilometroak. Ohar baten bidez eman dute jakitera egitarauaren eduki garrantzitsuenak.
EuskarAbenturen lehen egunetan, adibidez, ‘Euskararen egoera Pirinio magalean’ soziolinguistika tailer ibiltaria egingo dute Donibane Garaziko karriketan barrena, Xan Airek eta Garaziko gaztetxeko gazteek gidatuta. Era berean, euskarak Nafarroa Garaian bizi duen egoera ere izango dute aztergai, Koldo Colomo Garesko euskara teknikariaren eskutik. Besteak beste, Argantzoneko Ikastolara edo Martin Ugalde Kultur Parkera ere egingo dituzte bisitak.
Gure hizkuntza hizpide harturik, euskarara hurbildu diren zenbait gazte atzerritarrekin topaketa egingo dute uztailaren 22an Lezon.
Ipar Euskal Herrian bizi eta lan egitearen erronken, arrazakeriaren inguruan edo sexu nahiz genero identitate aniztasunaren gaineko tertuliak ere izango dituzte.
Irteera kulturalak
Asisko Urmeneta ilustratzailearen azalpen historikoek lagunduta Orreagako Kolegiatara joango dira bisitan; bai eta Yusoko monastegira, Ekainberri museora, Santimamiñera edo Gesaltzako gatzagetara ere. Era berean, gertutik ezagutuko dute euskal kostaldeko Geoparkea eta Flyschak.
Auzolanak ere lekua izango du EuskarAbenturan eta Auritzen, adibidez, zabor bilketa egingo dute errekan.
Pilota eta zesta punta tailerra ere izango dute, bai eta mendian ez galtzeko orientazio tailerra ere.
Dena behar bezala joan dadin
Era berean, 31 egunez luzatuko den abentura nomada behar bezalakoa izan dadin segurtasun eta osasun protokoloak berritu dituzte. Era berean, euskararen erabilpena sustatzeko eta genero berdintasuna bermatzeko xedez, zenbait neurri adostu dituzte.
Segurtasun protokoloari dagokionez, arrisku-fokuetan arriskuak minimizatu eta segurtasuna bermatzeko hartu beharreko neurriak eta jarduteko modua adostu dute, beti ere iazko esperientzian oinarrituta.
Osasun alorrean, alde batetik, gainkargak, babak, eguzki-erredurak, infekzioak edota kutsatzeak saihesteko neurriak zehaztu dituzte. Bestetik, larritasun mailaren arabera, kasu ezberdinen aurrean hauek kudeatzeko jarraitu beharreko prozedurak findu dituzte hilabetez bidean izango diren mediku eta erizainarekin batera. Azken hauek gaixo kronikoak kontrolatzeko eta sor daitezkeen kasu ezberdinak artatzeko barne-protokoloak adostu dituzte. Gainera, oinarrizko baliabide batzuk irakatsi dizkiete gainontzekoei: Alboko segurtasun-jarrera, edota Heimlich maniobra.
Genero berdintasuna sustatze aldera eta konpromiso hori hartuta, emakumeen ahalduntzea bideratzeko eta desberdinkeriak ezabatzeko metodologia parte-hartzailea eta ardura banaketa parekidea gauzatuko dute.
Zaborren kudeaketari dagokionez, EuskarAbentura espedizioaren filosofiari jarraiki, espedizioan zehar ahalik eta zabor gutxien sortzeko neurriak hartuko dituztela nabarmendu dute.
Euskararen protokoloa lantzeko, aurten EBETE Hizkuntza Zerbitzuak taldeko Iñaki Eizmendiren laguntza izan dute. Iazko esperientziatik ikasitakoekin eta Eizmendiren ekarpenekin espedizioaren xede garrantzitsuenetakoa den euskararen erabileran eragiteko markoa ezarri dute. Besteak beste, jzioquitarren errealitate soziolinguistikoaren diagnostikotik abiatuta espedizioak izandako inpaktua neurtuko dute, eta horretan eragiteko askotariko dinamikak garatuko dituzte.
Horiez gain, eraso sexisten nahiz jazarpenen aurkako protokolo bana garatu du elkarteak. Baita drogen kontsumoa galaraztera bideratutako bat, lapurretak saihesteko beste bat eta sakelako telefonoen erabilera arautzeko hirugarren bat ere.