NAIZ

Pili Arzuaga eta Fontso Isasi, urrunketaren biktimak, gogoratu dituzte Laudion

Etxerateko kideek urrunketaren ondorioz hil diren hamasei lagun gogoratu dituzte Laudion. «Dispertsioaren biktimak dira eta aitortza ezinbestekoa da inoiz gehiago gertatu ez dadin».

Laudion izandako elkarretaratzea. (@ehbildulaudio)
Laudion izandako elkarretaratzea. (@ehbildulaudio)

Pili Arzuaga eta Fontso Isasi 1990ko uztailaren 1ean zendu ziren kotxe istripu batean, Maribi Ramila, alaba eta laguna, Ourenseko espetxean bisitatu ondoren. Gaur elkarretaratze bat burutu du Etxeratek Laudion urrunketaren biktimak oroitzeko.

«Gaur Laudion Pili eta Fontso gogoan ditugula, haien senide eta gertukoei gure maitasuna eta gure elkartasuna helarazi nahi dizkiegu», adierazi dute elkartearen agiria irakurri dutenek, urrunketaren ondorioz hil diren hamasei lagunen izenak aipatu dituztenak.

Adierazi dutenez, «dispertsioak eragindako biktimak dira guzti guztiak, errepide arriskutsuak zeharkatu zituztelako, inposatuta, espetxe urrunetan maite zituztenak ikusteko, entzuteko eta besarkatzeko. Dispertsioaren biktimak dira eta aitortza ezinbestekoa da inoiz gehiago gertatu ez dadin».

«Urrunketaren bukaera, memoria eta etorkizunarekiko konpromisoa» azpimarratu dute, eta herriak «aurrera egiteko eskubidea» duela gaineratu dute.

«Aro berria finkatzeko pausoak ematen ari gara. Kostata, baina aurrera goaz. Aro itxaropentsurantz abiatzeko eskubidea dugu, konponbidea, elkarbizitza eta bakea lortzeko bidean gaude eta horretarako ezinbestekoa da dispertsioak eta salbuespen espetxe politika krudel honek eragindako sufrimendua aitortzea, berriro gerta ez dadin», esan dute.

Amaitu baino lehen eskerrak eman dizkiete ekitaldian parte hartu dutenei, «bereiziki, Pili eta Fontsoren senide eta gertukoei». «Pili eta Fontso, beti egongo zarete gure memorian eta bihotzean», nabarmendu dute.