Mikel ZUBIMENDI
DONOSTIA

Mercosur-Europa, merkataritza librerako banpiroen akordioa

Sekretuaren eredu eta kodearekin 20 urtez negoziatzen aritu ostean, Europar Batasunak eta Mercosurrek merkataritza librerako akordioa itxi berri dute, noiz eta protekzionismoa indartzen ari den unean. Akordio horren gako batzuk aletu, eta itzalak azaleratzen dira.

Mugarri historikoa omen da, protekzionismoaren mamua mehatxagarri zabaltzen ari den garaian, merkataritza librearen garaipena. Europar Batasunak eta Mercosur osatzen duten herrialdeek (Argentina, Brasil, Paraguai eta Uruguai) hogei urtez negoziatzen, isilpean eta sekretismo osoan egosten aritu ondoren, akordioa mahaigaineratu dute. Merkatuak liberalizatu eta enpresa europarrei Mercosurreko herrialdeetan erosketa publikoak egiteko atea zabaltzen dien akordio «mirakulutsua» menuan zerbitzatua da.

Ponpa handiarekin eta, Argentinako mandatarien kasuan, emoziozko negar ttanttekin saldu dute lorpena. Laster datozkie hauteskundeak eta, nonbait, erabilgarri izango zaiela erabaki dute. Nahiz eta lerroburuetatik harago sinatu denaren inguruko detaileak eta zenbakiak ez diren ezagutzen eta, teorian behintzat, indarrean sartzeko Mercosurreko herrialdeetako eta Europako parlamentuek onartu behar duten, dena da goraipamena eta laudorioa, nonahi ageri dira apologistak.

Izan ere, azken hauentzat, ekuazioa argia da: zenbat eta libreagoa eta konpetitiboagoa izan merkataritza, orduan eta aberastasun gehiago, berrikuntza, hazkunde eta oparotasun handiagoa. Egia da, egia denez, merkataritza –kultura eta ekologia ezberdinak dituzten herrialdeen artean produktu, gaitasun eta sorkuntzaren banaketa bidezko gisa ulertuta– gauza ona eta beharrezkoa dela berez. Besterik da, irabazi korporatiboak maximizatzeko helburuarekin, ondasun eta jakintzen trukaketa horrek babes sozial eta ingurumen mailakoak ezabatzea. Orduan, «merkataritza librea» deiturikoa, arau eta kontrolik gabeko merkataritza bilakatzen da, boteretsuen dominaziorako tresna. Demokrazia merkantilizatu egiten du eta politikak eragiteko ahalmena galtzen du.

Banpiroa bezala

Europar Batasunaren eta Mercosurren arteko merkataritza librearen akordio honek urratu duen bideak badu antzekotasunik AEBak eta Europak negoziatzen diharduten akordio transatlantikoarekin edo AEBak eta Asia ekialdeko herrialdeek –Txina ezik– negoziatu zuten akordio transpazifikoarekin. «Bizitzan behin» aurkezten den aukera gisa salduak izan dira, sindikatu, alderdi politiko eta parlamentuen kontrol edo ezagutzarik gabe korporazio handiek eta haien aldeko lobbyek sekretupean gorde duten «altxor» gisara. Hori dute negoziazio eredu eta kodea. Banpiroek bezala, iluntasunetik publikoaren argitara aterako balira indarra eta sostengua galduko luketelako.

Konkista global baten ahaleginari erantzuten diote, mundua oinpetan izateko korporazio transnazionalek duten gose aseezinari. Merkataritza, librea eta muga zergarik gabea aurkeztua den arren, ez da soilik merkatuak bereganatzeko tresna. Baliabide naturalen kontrolerako, sinatzaile diren herrialdeak kontrolatzeko, bitarteko dira. Akordio hauek monopolio kapitalisten eraikuntza erraldoiak dira, traba eta balazta gabeko beren negozio ereduaren babes eta zabalkuntza.

Dela Atlantikoan dela Pazifikoan, Europan ala Hego Amerikan, multinazional handien gobernua supranazional egiten doa, etengabe, gupidagabe. Akordiookin korporazioek gobernuak auzitara eraman ahal izango dituzte eta diru publikoarekin ordaindutako kalte-ordainak eskatu beren irabazien aurreikuspenak bete ez badira gobernuen erabaki burujabe baten «erruz». «Tratu justu eta berdina» bermatzen dieten klausulak eskatuko dizkiete estatuei. Estorsioa legalizatuko da, beraz, eremu guztietan.

Bolantea korporazioen esku

Ez dago akordio hauek kanpo uzten duten gairik. Zer jango den, nola biziko den edo nork gobernatuko duen… pertsonen egunerokoaren gaineko beren eragina areagotuko da. Gobernuei eskuak lotuko dizkiete, kapitalen mugimendu, bolumen, izaera edo jatorriaren gaineko kontrolik gabe utzita.

Europar Batasunak eta Mercosurrek sinatu duten «merkataritza librerako» akordioa herrialde osoen politika publikoen bolantea korporazio handien eskuetan uztea da. Eta prozesua behin martxan dagoenean, lastertasun bizian doanean, deus gutxi egin daiteke gelditzeko.

 

Nekazaritza eta ondasun industrialak, aurkia eta ifrentzua

Bruselak eta Mercosurrek sinatu duten akordioaren letra txikia ezaguna ez den arren, jakin denaren arabera zera ondorioztatu daiteke: Hego Amerikako herrialde horien nekazaritza ondasunentzat abantaila partzialak izan daitezkeen bezala, hango ondasun industrialentzat arriskua oso handia dela, ia-ia hil ala bizikoa.

Europak Marcosurreko nekazaritzari ateak zabalduko dizkio kuota batzuei eta osasun mailako murrizketa zorrotzei jarraiki. Bestalde, Europako ondasun industrialek Mercosurreko ateak zabal-zabalik izango dituzte, baita bertan egiten diren kontratu publikoenak ere. Horrek ematen omen dio akordioari «oreka», hortxe nonbait egiten dira bi aldeak «irabazle».

Hala, Mercosurreko apologisten begietara, Europako merkatuaren %100 liberalizatuko da, beren ondasun industrialen %80k ez dituzte muga zergak ordainduko, 15 urteko epea gordetzen dute beren sektore sentsibleenak apurka liberalizatzeko eta, kapital ondasunen komertzioa liberalizatzean, industrien arteko merkataritza indartuko da. Europarentzat, aldiz, 260 milioi kontsumitzaile dituen merkatu horrek muga zergak ezabatzean, bere enpresek 4.000 milioi euro aurreztuko dituzte. Eta Mercosurreko gobernuen lizitazio publikoetan parte hartzeko aukera berrien jabe eginda, ur horniketan, garraioan edo telekomunikazioetan kontratu puskak eskuratuko dituztela ziur dago. M. Z.