naiz

Greba mugagabea hasi dute Mendaroko ospitaleko Tecmaneko langileek

Mendaroko ospitaleko mantenimenduaren ardura daukan Tecman enpresako langileek greba mugagabea hasi dute gaur, hitzarmen duinaren alde eta enpresaren ez-betetzeen aurrean. Gaur goizean, mobilizazioa egin dute Mendaroko ospitalean eta LAB sindikatuak jakinarazi duenez langile guztiak batu dira grebara.

Mendaroko ospitaleko Tecmaneko langileek protesta egin dute gaur goizean. (LAB)
Mendaroko ospitaleko Tecmaneko langileek protesta egin dute gaur goizean. (LAB)

Tecman SVA S.L. enpresak 2019ko maiatzaren batean ekin zion bere zereginari Mendaroko ospitalean baina LAB sindikatuak «hasiera ezin okerragoa» izan dela adierazi du ohar baten bidez. Salatu dutenez, nominaren egitura «alde bakarreko erabakiz» aldatu da. «Bajak ez dira aurreikusten, zaintzari lotu ordainsaria hutsaren hurrengoa da Osakidetzako langileek dutenarekin alderatuko bagenu, ez digute langileen artean komunikatzeko gailurik ematen, ez dira pleguak zehazten duen langile kopurua betetzen, gure soldata KPIaren gainetik eguneratzea nahi dugu, kontratu motekin eta antzinatasunekin arazoak ditugu,... Ez dezakegu ahantz lankide bat arbitrarioki egotzia izan dela, eta horren harira, lanari berehalaxe ekin diezaiola eskatzen dugu», gehitu dute.

Jakinarazi dutenez, hainbat bilera eta proposamen egin dituzte, baina ez dute erantzunik jaso. Hori dela-eta, gaurtik hasita greba mugagabea deitu dute. Deialdia jakin ostean enpresak bilera deitu zuen. «Bilera horretan hainbat gai jorratu arren, ez zuten inolako konpromisorik hartu».

«Ez dugu ahaztu nahi ere Osakidetzari dagokion ardura, kontratugilea delako; jadanik adierazi zaio Tecman SVA S.L. enpresa plegua ez dela betetzen ari», adierazi dute. Hau dela-eta enpresaren zuzendaritza eta Osakidetzari «irtenbide duin bat» eskatu diete. «Ez dugu onartuko gure eskubideak ez errespetatzea, gure lan baldintzak kaskar daitezela, ez dugu atzera pausurik emango, eta Mendaroko Ospitalean diharduten Tecman SVA S.L.-ko langileek hitzarmen duina izan dezaten borrokatuko gara», gaineratu dute.