Euskaltzaindiak aspalditik amestutako Euskal Hiztegi Historiko-Etimologikoa (EHHE-200) aurkeztu du gaur, Bilboko egoitzan. Goizean egin da hedabideen aurreko agerpena, eta biharko antolatu den mintegian erakutsiko zaie lanabes berria ikertzaile eta hizkuntzalariei.
2009ko Barne jardunaldietan hartu zuen Euskaltzaindiak hiztegi hori abiatzeko erabakia. Horretan aritu da 2010eko hasieratik Julen Manterolak eta Iñaki Segurolak osatu lantaldea, Joseba Lakarraren zuzendaritzapean; azken bizpahiru urteotan Gabriel Fraile eta Koro Segurolaren laguntza ere izan dute.
Urrats sendoetarako lanabesa
EHHE-200 euskararen historia aztergai duten ikertzaileentzat idatzia da, batez ere; gainerako filologo eta hizkuntzalariek nahiz hizkuntza-zaletasuna duten askok aurki lezakete, halere, bere intereseko ezagutzarik alor horretan.
Joseba Lakarra lantaldearen koordinatzaileak azaldu duenez EHHE-200ek hitzen ikerketan inplikaturiko alorretan urrats sendoak emateko lanabesa izatea du helburu. «Asmo zabalago horren barnean, hurrengo urteotan zabaldu eta gainditu nahi genukeen EHHE-200 hau zati txiki baina garrantzitsua iruditzen zaigu».
Jardunaldi batean aurkeztuko dute
Bihar, hizkuntzalari eta adituen aurrean aurkeztuko dute EHHE-200. Horretarako, goiz bateko jardunaldia antolatu du Euskaltzaindiak Bilboko egoitzan. Mintegi honetan parte hartuko dute Jose Antonio Pascualek (RAE); Reina Bastardasek (Universitat de Barcelona); Joakin Gorrotxategik (euskaltzain urgazlea, UPV/EHU); Joseba Lakarrak (euskaltzain osoa, EHHE-200 egitasmoko koordinatzailea); Iñaki Segurolak eta Julen Manterolak (EHHE-200 egitasmoa).