Haritz Larrañaga

1.930.000 euro Ipar Euskal Herrian euskara sustatzeko

Ipar Euskal Herrian euskara sustatzeko 1.930.000 euro inbertitu dituzte Euskal Erakunde Publikoak (EEP) eta Lakuako Gobernuak. Bi erakundeetako ordezkariek Baionan egin duten agerraldian 2019ko diru-laguntzak nori zuzenduak izango diren azaldu dute.

Miren Dobaran Lakuako Gobernuko ordezkaria, Beñatu Arrabit eta Bernadette Soule Euskal Erakunde Publikoko ordezkariak. (EEP)
Miren Dobaran Lakuako Gobernuko ordezkaria, Beñatu Arrabit eta Bernadette Soule Euskal Erakunde Publikoko ordezkariak. (EEP)

Pasa den apirilaren 3an Lapurdiko hiriburuan sinatu zuten 2017-2022 epealdirako hitzarmen-markoaren baitan, 2019ko egitasmoaren berri eman dute gaur Baionan. Beñat Arrabit, Euskal Erakunde Publikoko lehendakariak «Eusko Jaurlaritzaren laguntza eta ekarpena» eskertu ditu, «posible egingo baitu Ipar Euskal Herriko elkarte eta eragile pribatuek euskararen transmisioa eta erabilpena garatzeko dauzkaten proiektuak aurrera ateratzen laguntzea».

Miren Dobaran, Lakuako Gobernuko Hizkuntza Politikako sailburuordeak, ostera, «euskara Iparraldean sustatzeko beti prest» egongo direla nabarmendu du, «baldin eta elkarlanerako borondatea erakusten bazaigu, eta azken urte hauetan, borondate hori argia izan da». Izan ere, lehen hitzarmen markoa 2007ko otsailaren 7a sinatu zen eta ordutik, gaur arteko elkarlana iraunkorra izan da.

2019. urterako lankidetzarako fondoa

Lakuako Gobernuak 400.000 euro jarri ditu, eta gainontzeko 1.530.000 euroko diru poltsa Euskal Erakunde Publikoak jarri du. Horietatik 496.000 euro euskarazko irakaskuntzari zuzenduko dizkiote, 520.000 euro helduen irakaskuntzarako izango dira, 315.000 euro euskal hedabide desberdinen artean banatuko dira, 244.000 euro aisialdi elkarteentzat izango dira eta, azkenik, 355.000 euro «hizkuntza jarduera proiektuak» sustatzera biderako dituzte.
Gaur eskaini duten prentsaurrekoan, diru-sari horiek nori eta zergatik emango dizkioten azaltzeko erabili dituzten irizpideak aditzear eman dituzte, eta aldi berean, diru laguntzak jasoko dituzten elkarteen izenak eta zenbatekoak zehaztu dituzte.