2016-2017 denboraldia izan zen Lehen Mailak bost euskal talde izan zituen azkeneko urtea eta orduan, bost taldeetatik lauk sarreren prezioa 25 eurotan finkatzea adostu zuten. Orain, talde hauetako zale kolektibo ezberdinek, antzeko akordio bat lortzea eskatu diete klub bakoitzeko zuzendaritzei. «Deialdia egiten dugu aurten adostasuna erabatekoa izan dadin euskal klub guztien artean eta hauetako bat ere ez dadin akordio honetatik at geratu, derbiak berriro derbiak izan daitezen».
Era berean, Ligaren arduradunei «inposatzen dizkiguten ordutegi zitalek jaia ez hondatzea» eskatu diete, futbola asteburuetan izatearen premia aldarrikatuz. Bide horretatik, taldeei ere eskatu diete partidak larunbat eta igandetan jokatzea defenda dezaten. Hala, kanpoko zaletuak zaintzearen beharra nabarmendu dute. «Kanpoko zalegoari gordetako gutxieneko sarrera kopuru bat ezartzea beharrezkoa da», adierazi dute.
Bestetik, harmailak «kolorez eta poztasunez betetzen jarraitzeko», zelaietara animazio materiala sartzeko oztoporik ez jartzea aldarrikatu dute. «Megafonoak, banderak, pankartak edo bonboak bezalako hain oinarrizkoak diren elementuek ez lukete gure zelaietan sartzeko eragozpenik izan behar», defendatu dute.