Bestalde, Côte Basque-Samu64A Ospitale Guneko arduradunek azaroaren 21ean Biarritzen (Ozeanoaren Hirian) egingo den Pirinioetako mugaz gaindiko hirugarren mintegiaren egitarauaren zirriborroa aurkeztu dute.
Topaketan hainbat gai landuko dira, telemedikuntzaren erabilera ospitalez kanpoko premiazko arretaren alorrean, helikopteroek arreta pediatrikoan betetzen duten lana eta hizkuntzaren oztopoa hondamendien mugaz gaindiko kudeaketan.
HeliNET proiektua mugaz gaindiko arriskuak lantzeko beharra aurreikusten duen laneko ildoan sartzen da, lurraldeko eragileek gertakariei aurre hartzeko eta erantzuna planifikatzeko duten gaitasuna hobetuz, eta baita arrisku espezifikoei eta hondamendi naturalei eman beharreko erantzunaren kudeaketan ere.
Horretarako, Osakidetzako Larrialdiak, Nafarroako Babes Zibila, Nasuvinsa eta Côte Basque-Samu64A Ospitale Gunea lanean ari dira laguntzako, arretako edo erreskateko helikopteroek lurra hartu ahal izango duten azaleren sarea hobetzeko eta, beste alde batetik, partzuergoko parte diren lurraldeen artean erantzun koordinatua eta integratua planifikatzeko, antolatzeko eta testatzeko.
Proiektuaren %65 Lurralde Garapenerako Funts Europarrak (FEDER) finantzatzen du, Interreg V-A Espainia-Frantzia-Andorra (POCTEFA 2014-2020) Programaren bitartez.