Kasik lau mila herritarrek bat egin dute Xistor Haranburu presoaren askatasuna aldarrikatzen duen eskariarekin. Change.org plataforman abiatu zuten sinadura bilketa ostiralean, Senpereko presoaren aurka hartutako azken erabaki judizialari erantzunez.
Zigorrak Aplikatzeko Auzitegiak Haranburu askatzearen alde egin zuen ostiralean egindako saioan, baina Fiskaltzak erabakiari helegitea ezarri eta blokeatu egin zuen aukera hori. Haranbururen abokatuak ezarritako helegiteak ahalbidetuko du auziari segida ematea eta bi hilabete daude orain Dei Auzitegiak azken erabakia hartzeko. Bien bitartean, kalean eta sarean nabaria da herritarren zein hautetsien artean fiskalaren jokabideak eragin duen haserre eta kezka.
Haranbururen abokatua den Maritxu Paulus-Basurkok NAIZi azaldu moduan, «txostena hasieratik aztertuko da eta berriz abiatuko da eztabaida juridikoa, dei auzitegia ez baita behartuta fiskalak finkatu lerroa jarraitzeko».
Senpereko presoak 65 urte ditu eta ia 30 urte daramatza preso. 1990ean bizi osorako espetxe zigorra ezarri zioten, baina baldintzapeko askatasuna eskatzeko aukera zuen 2008tik. Eskaria eginda, aurkeztu duten txostenen artean, Lannemezango espetxeko zuzendariaren aske uztearen aldeko agiria dago.
Haranburu espetxean mantentzeko erabakia ezagutu eta ordu gutxitara, Ipar Euskal Herriko hautetsien eta gizarte zibileko ordezkari esanguratsuen agerraldian egin zen Euskal Elkargoak Baionan duen egoitzan.
Agerraldiaren ostean Mizel Berhokoirigoin bakegileak, Txetx Etxeberrik, eta Frantziako Giza Eskubideen ohorezko lehendakaria den Michel Tubianak herritarren babesa galdegin zuten change.org plataformara igotako eskariarekin.