Zeuk Esan zerbitzua haur eta nerabeei laguntzeko telefonoa da (116 111). «Oso erabilgarria» da adingabeek edo inguruan dituzten helduek izan ditzaketen arazo, kezka edo zalantzei irtenbidea ematen laguntzeko», Beatriz Artolazabal Lakuako Gobernuko Gizarte Politiketako sailburuordeak nabarmendu duenez.
Telefonoak 444 kontsulta izan ditu 2019ko lehen sei hilabeteetan. 959 argitalpen ere izan dira, zerbitzuaren sare sozialen eta blogen bidez. 2018an, 979 kontsulta jaso zituen zerbitzuak.
Material berriak
Orain, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak Zeuk Esan marka berritu du, baita material berriak argitaratu ere, adingabeen artean zabaltzeko. «Gure neska-mutilak hazten doaz, eta zerbitzua ezagutzera emateko ahaleginak etengabea izan behar du; horregatik eskertzen diegu ikastetxeei eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari urtero ematen diguten laguntza handia», adierazi du Artolazabalek.
Besteak beste, ETB1eko 'Goazen!' telebistako programan agertuko da Zeuk Esan zerbitzuaren logotipo berria. «Ahalegina egin dugu neska-mutilengana hurbiltzeko, baliabide hori eskura izan dezaten; horretarako, Gobernuko beste sail batzuk izan ditugu oinarri», esan du Artolazabal sailburuak. «Irudi berri hori eta, bereziki, sortu ditugun bideoak lagungarri izango dira Zeuk Esan zerbitzuak eskaintzen dituen aukerak ezagutzeko, bai eta kasu bakoitzean nola erabili jakiteko ere».
Orientazio eta informazio lana
Artolazabalek 116111 telefono zenbakian arreta ematen duen profesional-taldeak egiten duen orientazio-, aholkularitza- eta informazio-lana nabarmendu du, eta zerbitzua konfidentziala dela gogorarazi du (deiak doakoak eta anonimoak dira eta fakturan ez dute arrastorik uzten).
Telefonoaz gainera, Zeuk Esan zerbitzuak beste komunikazio bide batzuk ere baditu, besteak beste, sare sozialak (@Zeukesan Twitterren, Instagramen eta Facebooken) eta www.euskadi.eus/zeukesan webgunea, Youtubeko kanala (https://www.youtube.com/user/Zeukesan) eta adingabeen bloga (http://zeukesan.blog.euskadi.eus). Azken horretan, hilero, argitalpenak egiten dira, eta zerbitzua ematean aztertu diren gaiak jasotzen dira.
Zerbitzuak helduentzako bi baliabide berezi ere baditu. Batetik, blog bat; bertan, hilero, argitalpenak egiten dira (http://helduakzeukesan.blog.euskadi.eus) eta eginiko kontsultetan jasotako gaiak aztertzen dira. Bestetik, astekari digitala (http://zeukesan.zerbitzuak.org); bertan, ongizatearekin eta haur eta nerabeen garapenarekin lotutako albiste nagusiak jasotzen dira. Harpidetzeko aukera dago.