Amalur ARTOLA

Labo XL1, arte eszenikoen ikuspegia zabaldu nahi lukeen jaialdia sortu dute Donostian

Arte eszenikoko proposamenak oholtzaratzeko espazio berriak bilatu beharrak ekarri zuen Labo ekimenaren sorrera. Udazken honetan jaialdi bihurtuko da, eta deialdia ireki dute parte hartu nahi duten artista eta kolektiboek izena eman dezaten.

Tabakaleran aurkeztu dute jaialdia. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)
Tabakaleran aurkeztu dute jaialdia. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Labo Garden eta Labo Go esperientziek urteak daramatzate Donostiako espazio ezberdinetan hilean behin arte eszenikoko proposamenak eskaintzen eta, aurten, ekimenak bestelako dimentsio bat hartu duela deliberatuta, Labo hiru eguneko jaialdi bilakatzea erabaki dute.

Labo XL1 udazkenean ospatuko da, urriaren 10etik 12ra bitartean, Kutxa Kultur-en (Tabakalera) eta Convent Gardenen eta, gaur goizeko aurkezpenean Ion Estala eta Ana Barrantes ekimenaren sortzaileek azaldu dutenez, helburua arte eszenikoen ikuspegia zabaldu eta tokiko taldeei euren proposamenak aurkezteko oholtza bat eskaintzea izango da.

Horretarako deialdia ireki dute, parte hartu nahi duten artista eta kolektiboek euren proposamenak helaraz ditzaten. Orotara hamabi izango dira jaialdiak iraungo dituen hiru egunetan eszenaratuko diren lanak, eta horrez gainera jarduera profesionalak eta haurrentzat tailerrak ere antolatuko dituzte.

Oholtza bat sortzaileentzat

«Gure inguruan dauden artista eta sortzaileei lekua ematea da helburua», nabarmendu nahi izan du Estalak, eta gaineratu du hilean behineko ekimena izatetik hiru eguneko programaziora izatera pasatzeak bestelako dinamikak bideratuko dituela: «Hiru egunek ematen dute aukera gauza zabalagoak egiteko, topaleku bat sortzeko, jarduera profesionalak egiteko… Hilean ordubeten kondentsatua dagoen horri era lasaiagoan heltzeko».

Labo jaialdi bilakatzeaz batera, hemendik aurrera webgune propioa ere izango du (orain artean Node kolektiboarenaren barruan zegoen) eta interesa dutenek bertan topatuko dute jaialdiaren gaineko informazioa (edukiak «pixkana-pixkana» iragarriko dituzte) eta, parte hartu nahi duten artistek, horretarako irizpideak. Izen emateko epea abuztuaren 23an amaitzen da.

Momentuz, bi ekitaldi iragarri dituzte: Angela Milanok ‘Nunca llevo falda porque…’ oholtzaratuko du urriaren 11n eta, 12an, Sleepwalk Collective-k ‘Kourtney Kardashian’ ikuskizuna. «Gasteiz eta Londres artean dabilen kolektiboa da eta denbora daramagu Donostiara ekarri nahian, lan oso bereziak egiten baitituzte. Gure gustuko piezak ekartzeaz gainera beste espazio batzuetan kabidarik ez dutenak ere ekarri nahi ditugu, arte eszenikoen ikuspegia zabaldu», aipatu du Estalak.