NAIZ

Udaletan kendutako Macronen 125 erretratoak G7aren kontragailurrean agertuko dira

Biziko kideek Emmanuel Macronen beste portreta bat kendu dute, gaur goizean Ezpeletako herriko etxean izan da. Biarritzen abuztuaren 24an ospatuko den G7a baino hilabete lehenago egin dute ekintza. Orain arte kendutako 125 erretratuak nazioarteko gailurraren karietara, Baionan abuztuaren 25ean egingo den prentsaurreko «erraldoian» aurkeztuko dituzte.

Ezpeletan kendu dute Macronen erretratua gaur goizean. (BIZI)
Ezpeletan kendu dute Macronen erretratua gaur goizean. (BIZI)

Bildutako portretak aurkitzeko 67 miaketa egin dituzte polizia eta jendarmeek, baina ez dituzte atzematea lortu. Bizik jakinari du berriz agertuko direla «G7aren erdian Baionan, hots, edozein manifestaldi mota debekatua den gunean agorrilaren 24 eta 26aren artean». Prentsaintzinekoak militante eta pertsona ezagunak izanen direla ere baieztatu du mugimendu altermundialista eta ekologistak.

Gobernuak klima aldaketa gelditzeko hartu konpromezuak ez dituela betetzen salatzeko 125 erretrato kentzea zen kanpainaren xedea. Estatu frantsesean urteko aztarna ekologikoa gainditzeko 125 egun behar zituela esan zuelarik, eremu ezberdinetako 80 pertsona ezagunek G7a aitzin beste hainbeste Macronen erretratu kentzeko deia egin zuten.

Bizik Action Non Violente COP21 mugimenduarekin egiten du bat kanpaina honetan. Horrela gaur euskal mugimenduak kendutako 10. erretratuak estatu mailako 125en baitan kokatzen da.

Ezpeleta

125 erretrato kentzeko desafioa gaur bete da Ezpeletan. Herri hori bereziki hautatua izan da, nazioarteko gailurrean zehar bertan egongo baitira agintarien bikotekideak. Brigitte Macron, lehendakariaren emaztea, maiatzaren 16an dena prestatzeko bertan izan zela ere oroitarazi dute.

 

Macronen irudia zegoen tokian afixa bat utzi dute ekintzaileek. Bertan idatzia zen: «Klima, Justizia Soziala, Nun da Macron? CETA ez milesker!».

Bizi eta atxiloketak

Mugimendu ekologista eta altermundialistak 9 portreta kendu zituen gaur arte, azkena Bardozen izan zen uztailaren 11an, eta lehena otsailaren 21ean Biarritzen.

Estatu mailan burutzen ari den kanpainaren baitan kokatzen da erretratu «bahiketa» berri hau. Akzio hauek hainbat atxiloketa ekarri ditu, baita Euskal Herrian ere, azkenak maiatzaren bukaeran izan ziren, non sei militante gartzelaratu zituzten presidentearen irudiak Bidarte, Arrangoitze, Getaria, Donibane Lohizune eta Senperen kentzeagatik. Apirilean ere Biziko sei ekintzaile Baionako komisaldegira deituak izan ziren.

Kasua Borroka Anti-Terroristaren Bulegoaren esku utzia izan da 136 ekintzaile komisaldegira deituak izan dira, 85 atxiloturik egon dira, 45  epailearen aitzinetik pasa dira, 14 auzitan daude, eta horietarik 3 iraila honetan epaituak izanen dira.