Ane URKIRI

Abuztuaren 4an Euskal Herriko hondartzetan dispertsioari «Stop» esango dio Etxerat elkarteak

Datorren abuztuaren 4an Etxerat elkartea Euskal Herriko hondartzetan bilduko da salbuespen espetxe politikaren amaitzeko eskaera egiteko. Urte honetan, dispertsioaren eraginez, sei istripu gertatu direla ohartarazi dute.

Patricia Velez eta Urtzi Errazkin bozeramaileek eman dute prentsaurrekoa Donostian, senideen babesarekin.(Jon URBE/FOKU)
Patricia Velez eta Urtzi Errazkin bozeramaileek eman dute prentsaurrekoa Donostian, senideen babesarekin.(Jon URBE/FOKU)

Azken urteetako udako hitzordua errespetatuz, aurten ere Etxerat elkartea Euskal Herriko hondartzetan mobilizatuko da salbuespen espetxe politikarekin amaitzea exijitzeko. Hitzordua abuztuaren 4an izango da, eguerdian; Plentzian, aldiz, abuztuaren 10ean elkartuko dira. «Euskal preso eta erbesteratuak etxean eta bizirik nahi eta behar ditugulako», nabarmendu du elkarteak.

«Euskal Herrian nahi ditugu, Zaballan eta kalean, askatasunean, senide eta lagunei ezarritako zigor eta sufrimenduarekin behingoz amaitzeko, bizirik nahi ditugulako», adierazi dute Urtzi Errazkin eta Patricia Velez bozeramaileek mobilizazio berri honen aurkezpenean.

Ehunka familiek, milaka pertsonek, dispertsioak dakarren sufrimendua eta mina oraindik ere pairatzea jasanezina dela adierazi dute. Hala, zehaztu dute, urte honetan jada sei istripu gertatu direla: «Euskal preso politikoen 13 senide iza dira istripu hauen protagonista eta haien artean 23 hilabeteko haur bat». Duela 30 urte dispertsioa aplikatu zenetik 344 kotxe istripu gertatu direla ohartarazi dute; 937 pertsona izan dira zaurituak, batzuk ondorio larriekin, eta 16 pertsona hil dira.

Uda honetan Jose Angel Ochoa de Eribe aske geratu da bere gaixotasun larriaren aurkako tratamendua jasotzeko baina, oraindik ere, gaixo dauden 20 preso politikok oraindik espetxean jarraitzen dutela gaitzetsi dute eta beraz, «inolako baldintzarik gabe» euren inguruetara itzuli behar direla exijitu dute.

Hau guztia indarrez exijitzeko Euskal Herriko hondartzetan mobilizatuko dira «Dispertsioa STOP» lelopean; baina, iragarri dute, urtero legez, abuztuaren 1ean Loiolako basilikaren aurrean ere elkarretaratuko direla, sakabanaketa politikarekin amaitzeko eskaera «publikoki egiteko» eta Lakuako lehendakari Iñigo Urkulluri «gai honen inguruko txosten bat emateko asmoarekin».

11/13 sumarioaren makroepaiketa

Gaur eskainitako prentsaurrekoan 11/13 sumarioaren makroepaiketarekin ere gogoratu dira. Irailaren 16an hasiko da eta presoen alde lan egiteagatik epaituak izango diren 47 herritarren artean, Etxerat rlkarteko bi kide daudela azpimarratu dute, Izaskun Abaigar eta Nagore Lopez de Luzuriaga.

«Euskal Herrian eta hemendik kanpo eragile politikoekin, sindikal eta sozialekin; instituzioekin –haien artean Eusko Jaurlaritza–, Giza Eskubideen erakundeekin eta komunikabideekin izandako bileretan Etxerat elkarteko bozeramaile izategatik epaituak izango dira bi senide hauek, eginkizun hauek beti jakinarazi eta publikoak izan diren arren».