naiz

11/13 makroepaiketaren aurka eta bakearen aldeko manifestuak 10.300 sinaduratik gora jaso ditu

Duela 40 egun aurkeztu zuten 11/13 makroepaiketaren aurka eta bakearen alde idatzitako manifestua eta 10.300 atxikimendu baino gehiago batu dituzte dagoeneko.

11/13 sumarioan auzipetutako kideek agerraldia. (Gorka RUBIO / FOKU)
11/13 sumarioan auzipetutako kideek agerraldia. (Gorka RUBIO / FOKU)

Jon Maia bertsolariak 11/13 makroepaiketaren aurka eta bakearen alde idatzitako manifestuak 10.300 sinaduratik gora jaso ditu dagoeneko. Sektore eta jatorri askotariko herritarrek azaldu dute euren atxikimendua. «Oso pozik gaude eta eskertzea besterik ez zaigu geratzen», adierazi dute auziperatuek ohar baten bidez. «Poztasuna eta eskertzea azaldu nahi dugu esparru anitzetako herritarrek adierazitako babesaren aurrean».

Oraindik ere sinatu ez dutenei ere zuzendu zatzaizkie, gonbitea eginez. Makroepaiketaren inguruan informazio guztia biltzen duen atarian eman daiteke atxikimendua. «Herritarren inplikazioa eredugarria izaten ari da. Egunez egun, elkartasun keinuak biderkatzen ari dira. Auzipetuen bizitoki edo jatorrizko herri, auzo eta hirietan antolatzen ari diren ekimenak, manifestuak jasotako 10.300 sinadurak, sare sozialetan zabaldutako mezuak edo eragile sozial, politiko eta sindikalekin izandako harremanetan jasotako erantzuna nabarmendu nahiko genuke», adierazi dute.

Irailaren 16an hasiko den epaiketara bitarte «lanean» jarraituko dutela azpimarratu dute, «harreman dinamikan sakonduz, babes gehiago bilduz eta ekimen ezberdinak antolatzen». Era berean, irailaren 14an Bilbon egitekoa den manifestazioa ekarri dute gogora, gizarteari bertaratzeko gonbitea eginez. Lehenago, hilaren 6, 7 eta 8an, auziperatuen auzo eta herrietan ekimen ezberdinak egingo dituzte.