NAIZ

Valentziak bere portua eskaini dio 122 migranterekin noraezean dagoen Open Arms-i

Joan Ribo Valentziako alkateak bere portua eskaini dio 122 migranterekin noraezean dagoen Open Arms itsasontziari. Quim Torra Kataluniako Generalitateko presidenteak gauza bera egin zuen atzo eta herrialde honetako portuak beti zabalik egonen direla ziurtatu zuen. Haurdun dauden bi emakumeak itsasontzitik atera ditu Italiako Kostako Zaintzak.

24 ordutan 124 lagun erreskatatu ditu Open Arms itsasontziak Mediterraneoan. (OPEN ARMS)
24 ordutan 124 lagun erreskatatu ditu Open Arms itsasontziak Mediterraneoan. (OPEN ARMS)

«Hiri irekia gara eta betebehar etiko eta gizatiar bat dugu izutik, gerratik edo miseriatik ihesi bizitza arriskuan jartzen duten pertsonekin», adierazi du Joan Ribo Valentziako alkateak, Open Arms itsasontziari bere portua eskaintzearekin batera.

Proactiva Open Arms GKEaren itsasontziak 55 lagun erreskatatu zituen ostegunean Mediterraneoan hondoratzen ari zen patera batetik. Atzo goizaldean, beste 69 pertsona erreskatatu zituen, Libian sufritutako indarkeriaren zantzuak zituztenak. Horien artean zeuden bi emakume afrikar haurdun, bata 9 hilabeteko eta bestea 8 eta erdiko. Itsasontzian bolondresek egindako ekografietan ikusi zutenez, bien umeak «posizio txarrean» zeuden eta horrek arriskua ekarriko zuen erditzen hasiz gero.

Indarkeria zantzu nabarmenekin

Italiako Kostako Zaintzak gaur atera ditu itsasontzitik bi emakumeok, lehena, 32 urtekoa, abdomeneko hernia handi batekin; bigarrena, 22 urtekoa, Libian sufritutako tortura eta indarkeria fisiko eta sexualekin. Bere senarra bertan hil zuten eta ahizparekin atera dute gaur itsasontzitik, erietxean lagun diezaion.

24 ordutan 124 lagun salbatu zituen Open Arms-ek. Orain, portu bila dabil. Valentziako Udalak eta Generalitateak hiriko portua irekitzea adostu dute. Azkenean bertan lehorreratuko balitz, Aquarius ontziarekin egin zutenaren antzeko elkarlana eginen dute bi administrazioek.

Atzo nazioarteko uretan zegoen Open Arms itsasontzia, Oscar Camps GKEaren sortzaileak jakinarazi zuenez. Lampedusa irlaren aurrean zeuden, hegoaldean, hurbilen dauden herrialde seguruek, Italiak eta Maltak, lehorreratzea baimentzeko zain, momentuz itxiak baitzituzten portuak GKE-entzat.

Italian, Matteo Salvinik debekatu egin du itsasontziak Estatuko uretan sartzea edo bertan nabigatzea. Ministro ultraeskuindarrak 10.000 eta 50.000 euro arteko isunekin mehatxatu ditu.

Kataluniak hagitz bestelako jarrera erakutsi du. Quim Torra Generalitateko presidenteak halako blokeo egoeretan bertako portuak beti irekiak egonen direla segurtatu zuen atzo. «Parlamentuko gehiengoaren konpromisoa da, eta kataluniarren adostasun soziala».

Alan Kurdi alemaniarra

Bestetik, Maltak Alan Kurdi itsasontzi alemaniarreko 40 migranteak lehorreratzea onartu du azkenean. Joseph Muscat Maltako lehen ministroak baieztatu du Sea-Eye GKE alemaniarrak salbatutako 40 migranteak hartuko dituela eta ondotik Europar Batasuneko zenbait herrialdetan «banatuko» dituztela.

Alan Kurdik Italiak bere uretan sartzea debekatu eta gero hartu zuen Maltarako bidea. Bertan egon zen kostatik 24 itsas milatara (45 bat kilometrotara).

Erreskate operazioa zuzentzen duen Barbara Heldek Maltako Gobernuari eskatu zion bideo batean «ez bazterrean uzteko» ez itsasontzia, ez tripulatzaileak eta ezta bidaiariak ere.