Asier ROBLES

Bizitza osorako balio duen hilabete bateko espedizioa Euskal Herrian

Getxon bukatu zen aurreko asteazkenean EuskarAbentura espedizioa, uztail osoan Euskal Herria luze-zabalean zeharkatu eta gero. 31 egunetan 798 kilometro –483 oinez– egin dituzte 121 «jzioquitar» gazteek, euskaldun komunitatea saretuz eta indartuz.

Mauletik abiatu zen EuskarAbenturaren bigarren edizioa uztailaren 1ean. Hilabete osoan, Euskal Herriko zazpi lurraldeetako nahiz diasporako 16-17 urte bitarteko 121 neska-mutil euskal geografia, kultura eta historia lagunartean ezagutzen ibili dira oinezko espedizio honetan. 31 egunetan 798 kilometro egin dituzte orotara, horietatik 483 oinez.

Getxora heldu arte, bidean, Unescok gizateriaren ondare izendatutako guneak bisitatu dituzte; baita ere basoak, hondartzak, museoak, gari soroak, leizeak, portuak, gazteluak, belazeak, monumentu eta eraikin enblematikoak, herriak, gatzagak, baserriak eta beste.

Gazteen artean euskararen erabilera sustatu eta normalizatzea, eta gazte euskaldunen artean sare berri bat sortu eta elikatzea zen espedizio honen helburu nagusietako bat. Horretarako Euskal Herria luze-zabalean zeharkatu dute, era eta eduki anitzeko mintegi, tailer eta ekimenak eginez. Izan ere, hainbat esparrutako profesionalak (musikariak, soziolinguistak, aktoreak, bertsolariak, kazetariak, dantzariak, idazleak, kirolariak...) aldiro-aldiro espediziora batu dira gazteekin ordu batzuk konpartitzeko eta jakintzak elkar trukatzeko.

Ane de la Presak, EuskarAbenturako koordinatzaileak, esperientzia «bikaina» izan dela dio, «hilabete batean animoak gora eta behera doazen arren, partaideek asko gozatu, ikasi eta aberastu direla uste dut». Halaber, parte hartzaileen –«jzioquitar» izena hartu dute– prestasuna nabarmendu du, «oso talde atsegina, talentuz betea, heldua eta arduratsua elkartu da aurten». Eta xerpa edo begiraleen lana ere oso ondo baloratu du, «horietako bakoitza eredu izan da jzioquitarrentzat».

Hilabete oso bat etxetik kanpo egotea eta Euskal Herritik bueltaka ibiltzea gogorra egin ahal da. Bereziki, lehenengo astea izaten dela gogorrena dio De la Presak, «familia eta lagunen falta, egoerara egokitzea, jendea ezagutzea...». Baina behin hori pasata, «gutxi dira espedizioa amaitu ezin dutenak». De la Presak dioenez, «Getxora iristen direnerako abentura beste hilabetez luzatzeko gogoarekin egoten dira gazteak».

Helburuei dagokienez, bete dituztela uste du De la Presak, eta euskararen erabilera «bermatu dela» dio. Zentzu horretan, alde batetik, euskaldun eusleen presentzia taldean «euskararen zutabe» izan dela dio. Bestetik, euskaraz aritzeko zailtasun gehien zutenen edo hizkuntza ohiturak aldatzeko helburuarekin joan ziren gazteen «jarrera proaktiboa» nabarmendu du.

hausnartzeko unea

«EuskarAbenturak zerbait piztu duela ziur gaude. Dudarik gabe, gure gazteek hilabete honetan bizitakoa hausnartzeko denbora bat behar dute eta euren bizitzako bidean zer hautu egin nahi dituzten erabaki. Baina itxaropentsu gaude gure euskal komunitatearen ehuna jostera gehituko zaizkigula, eragile berriak datozkigula eta gure hizkuntza handi honi bultzada pizgarri bat emango diogula denok elkarrekin», gaineratu du EuskarAbentura elkarteko kide Imanol Zabaletak. Etorkizunari begira, De la Presak argi utzi du EuskarAbentura epe luzerako proiektu bihurtzeko asmoarekin jaio zela. Baina hala ere, egindako lanaren parte handi bat elkartekideek borondatez egindako lana izan dela gogoratu du, eta, zentzu horretan, elkartearen hurrengo erronka lan hori «berregituratzea eta profesionalizatzea» izango dela dio.