Maider IANTZI

«Tú eres mi fresca»: gazte-gaztetatik aurre egin beharreko mezu gordinak

Unai Ballesteros irakasleak ez zuen inor hotz utzi. 10-11 urteko bere ikasleekin egin zuen lan bera egin zuen EHUren udako ikastaroko ikasle helduekin, haurren gustuko abestiak entzunez. Letrak bortitzak izan arren, iragazkirik ez pasatzea eta kritikatzea erabaki zuen. Emaitza aberasgarria izan zen.

Gasteiztarra da Unai Ballesteros Lopez de Robles eta 25 urte ditu. Irakaslea da Olatzagutiko eskolan. Bolada batean Gasteizko IPI Sansomendi eskolan lan egin zuen eta bertako esperientzia bat du oinarri uztailaren bukaeran EHUren “Generoa didaktika ezberdinetan lantzen” ikastaroan egin zuen ariketak.

Sansomendin irakasle zela, 10-11 urteko ikasleak aisialdian ordenagailuarekin libre ari zirela, bideo bat jar zezaketen galdetu zioten. Baietz erantzun zien baina ikusi zuenak zer pentsatu handia eman zion. Eta zur eta lur utzi zuenari buelta ematea pentsatu zuen. Horretarako prestatu zuen Lehen Hezkuntzako 5. mailako haurrentzat “Trap eta reggaeton” hitzaldia.

Zein abeslari entzuten zituzten galdetu zien, eta honako zerrenda osatu zuten: Maluma, Bad Bunny, Anuel, Ozuna, Almighty, J Balvin Men, Lary Over, Bryan Myers, Farruko eta Karol G. Azken hau da emakume bakarra. Letrak gustuko al zituzten eta egokiak al ziren galdegin zien, eta ondotik hamahiru abesti aztertu zituzten elkarrekin, zatiak entzunez, letrak irakurriz eta komentatuz.

Lehenak, “Tú no metes cabra, saramambiche” izenburua du. Euskaraz, “Zuk ez duzu beldurrik ematen, putaseme” litzateke. Emakumeei egindako aipuak hagitz bortitzak dira eta Miramarreko aretoan harridura sumatzen zen, egonezina aulkietan. Irri txiki batzuk ere bai hasieran, baina kantaz kanta aitzinera egin ahala, irribarre horiek negargura bihurtu ziren.

Jabetza, tratu txarrak...

“Un ratito más” izena duen abestiak hala dio: «Tú sabes que desde que me caliento, soy el dueño de tu cuerpo, baby (…) Mira baby tú eres mi fresca, a ti yo te voy a azotar». Egoera larritzen doa. Jabetza, sexualizazioa, tratu txarrak… Antzeko patroiak dituzte abesti denek, doinu dantzagarrien bidez ezkutatuak batzuetan; bertzeetan, agerian.

“En qué país” abestian, «depílate (…) ten el pelo y las uñas bien», eskatzen dio, presta zaitez nire onura sexualerako. “Krippy Kush” drogetan sartzen da eta “4 Babys”ek emakumeak salerosteko erabilgarriak direla azaltzen du.

Gizonen agindua eta boterea agertzen dira, emakumeen erabateko sumisioa. “Me compré un panamera”-k materialismoa gehitzen du: ez baduzu dirurik, ez zara inor. “Diabla”-k zuzenean erraten du emakumeen nahia jipoituak izatea dela eta gustuko dituztela tratu txarrak: «Le gusta el castigo».

Hamahirugarren abestia, “Ahora me llama” da emakume baten ahotsa duen bakarra: «Ahora yo quiero vivir mi vida, al fin y al cabo esta vida es mía». Mezua erabat ezberdina da.

«Egia da Sansomendiko eskolak testuinguru berezia duela; egoera sozioekonomiko zail batean dauden ikasleak dira, baina honekin ez dut esan nahi beste testuinguru eta egoera sozioekonomiko batzuetako haurrek horrelako mezuak entzuten ez dituztenik. Ikusi dudanak guztiz kontrakoa esaten du: mezu zabalduak dira, edozein klase sozialetatik haragokoak», azaldu zuen irakasleak.

Ikasleen sentsazio sakonak

Ariketa egin arte ikasleak ez ziren abestietan erraten zenaz kontziente, eta gehienek amorrua sentitu zuten, ezjakintasuna; zergatik gertatzen zen hori galdetu zuten eta gaizki zegoela sentitu zuten. Sentsazio aldetik «oso sakona izan zen».

«Abestiak baino ez dira», zioten hasieran, eta Ballesterosek indarkeria non hasten den planteatu zien. Beren bizitzan paira ditzaketen egoera errealak ekarri zizkien. Gasteizen bertan gertatutako eraso matxista baten albiste bat. «Loturarik dute abestiek honekin?», galdetu zien. Ohartzen hasi ziren ez direla abesti hutsak, onartu eta zabaldutako mezuak baizik.

DBHkoek, normalizatuago

LHko 5. mailan klasea eman ondotik, DBHn ere ematea proposatu zioten. «Onartu egin nuen eta sei-zazpi ikasle etorri zitzaizkidan, beren borondatez. Egia esan, bestelako ikuspuntu batetik ikusi zuten. Normalizatuago zeukaten mezu sorta hori, kontziente ziren gaizki zeudela, baina gehiago kostatu zitzaien mezu horien kontra egitea». Horrek erakusten du, irakaslearen iritziz, gazte-gaztetatik egin beharko geniekeela kontra halako mezuei.

Udako ikastaroko partaide batzuek adierazi zuten bezala, helduok ere entzuten ditugu halako mezuak dituzten abestiak. «Askotan ez gara kontziente edo entzuten ditugun testuinguruetan oso ongi lausotzen dira mezu horiek, adibidez, gauean taberna edo diskoteketan, zeinetan gure pertzepzioa ez den horren fina eta mezu horiek naturalizatzeko joera handiagoa den», agertu du Unai Ballesterosek. Ohartarazi duenez, adinean gora egin ahala gero eta normalizatuagoak izaten ditugu halako mezuak eta nolabaiteko ondorio faltsu batera iristen gara: «Mezu hauek badaude, baina ezin dugu ezer egin. Eta ustez ezin dugunez aldatu, ezerezean geratzen gara eta ez gara saiatzen».

«Amorrua eta tristura sentitu ditut. Gogorra da, baina beharrezkoa, horrek eramango gaituelako aldatu nahi izatera», aipatu zuen entzule batek Miramarren. Solasaldi interesgarria sortu zen.

Mezu baikor batekin amaitu zen hitzaldia, Sansomendiko 10-11 urteko haurren hitzekin. Eskerrak eman zizkioten Ballesterosi halako mezuak lantzeagatik eta begiak irekitzeagatik. Batek bere idoloaren argazkia koadernotik kendu eta hantxe bertan puskatu zuen. «Orain kontziente dira mezu horien larritasunaz eta hori lorpen handia da», nabarmendu zuen irakasleak. Kideak animatu zituen «beldurrak utzi eta lanari ekitera. Gure esku dago aldatzea».