GARA
DONOSTIA

Gipuzkoako 25 jatetxek ontziak eskainiko dituzte janari soberakinentzat

«Gourmet bag» ontzi ekologikoak eskainiko dituzte Gipuzkoako taberna eta jatetxeek, jateko soberakinak alferrik ez galtzeko. Ontziak birziklagarriak dira, konpostagarriak eta mikrouhinetan erabilgarriak.

Gipuzkoako hainbat ostalarik bat egin dute elikagaien xahubideari aurre egiteko kanpainarekin. Aldundiak bultzatu du ekimena, Impact Hub Donostia enpresarekin elkarlanean.

Hogeita bost taberna eta jatetxek, beraz, “Gourmet bag” ontzi ekologikoak eskainiko dizkiete kontsumitzaileei, soberakinak bertan gorde eta eramateko. Kanpaina honetarako, guztira, 3.125 ontzi banatu ditu administrazioak.

Gipuzkoako Ingurumen Departamentuko diputatu Jose Ignacio Asensiok ohartarazi zuen, gutxi gorabehera, 123.000 tona elikagai xahutzen direla urtean lurraldean. Zifra horretatik, %23 hondakinei dagokie, eta gainerakoa, alferrik galdutako elikagaiei. Etxebizitza, hotel, jatetxe eta kafetegiak dira elikagai gehien xahutzen duten eremuak.

Iaz proba moduan abiatu zuten kanpaina eta hiru hilabete horietan parte hartu zuten hamabi jatetxeetatik Donostiako hamar ostalarik errepikatuko dute aurten. Horiez gain, Arrasate, Eibar, Tolosa, Beasain eta Irunen kokatutako taberna eta jatetxeek jarriko dute martxan honako plana.

Soberakinak etxera eramateko eskainiko dituzten ontziak birziklagarriak dira, «mikrouhinean erabilgarriak eta konpostagarriak»; horiek horrela, behin honen erabilera amaituta, edukiontzi marroira botatzekoa dela argitu zuten atzoko aurkezpenean.

Eskuorriak eta ikastaroak

Kontzientzian eragin nahi da programa honekin. Impact Hub Donostia enpresako kudeatzaile Xabier Arizmendik zehaztu zuenez, kanpainarekin bat egin duten zazpi parte-hartzaile jada elikagaien xahutzea txikitzeko neurriak hartuak zituzten jatetxeak dira. «Orain, ostalariak dira bezeroari jatekoa etxera eramateko eskaintza egiten diotenak», gaineratu du Arizmendik.

Dena den, kontzientzian indarra hartzeko, eskuorriak banatuko dituzte 25 taberna eta jatetxe hauetan; kontsumitzaileei jakinarazteko ez ezik, zerbitzariek ere horren erabilera uler dezaten. Gainera, hauek sentsibilizazio ikastaroa jasoko dutela ziurtatu zuen Aldundiak.

Izan ere, ostatuetako gerente, arduradun eta zerbitzariak dira kanpainaren alde aktiboena, esan zutenez: «Elikagaien xahutzea murrizteko erabakigarriak dira». Horrez gain, kontsumitzaileengan eragina edukitzeko eta hauek kontzientziarazteko aktore nagusiak direlakoan daude. Esan bezala, zerbitzariek beraiek eskainiko baitiete bezeroei etxera eramateko aukera, eta horrek «estigmak apurtzeko» balioko duela uste dute.

Kanpainak, iaz legez, hiru hilabete iraungo du. Poliki-poliki «bidea egin» eta urte osoan aplikatzea du xede. Kontzientziazioa «formakuntzatik» hasten dela nabarmendu zuen Kino Martinezek, Gipuzkoako Ostalaritza Elkarteko idazkariak: «Sektoreak, orokorrean, eta kontsumitzaileek xahutzen dutena kontuan hartu behar da».