NAIZ

Hamalau film labur lehiatuko dira Nest Film Students sailean

Nest Film Students lehiaketaren XVIII. edizioak hamalau film labur aukeratu ditu 46 herrialdetako 186 eskolek aurkeztutako 373 lanen artean. Donostia Zinemaldiaren 67. edizioaren esparruan egingo da zinema-ikasleen nazioarteko topaketa.

‘Adults’ filma lehiatuko da, besteak beste. (NAIZ)
‘Adults’ filma lehiatuko da, besteak beste. (NAIZ)

Ondorengo herrialde hauetako film laburrak hautatu dira: Alemania, Argentina, Belgika, Txile, AEB, espainiar Estatua, frantziar Estatua, Portugal, Britainia Handia, Txekiar Errepublika eta Errusia. Gaur emandako datuen arabera, urtebetean %34 hazi da eskola parte-hartzaileen kopurua, eta %22, aldiz, jasotako film laburrena.

Donostia Zinemaldiak eta Tabakalerak antolatzen dute topaketa, mundu osoko zinema-eskoletako ikasleen lanak ezagutarazi nahian. Bost egunez, irailaren 23tik 27ra, beren film laburrak erakutsiko dituzte gazteek, eta eskola magistralak jasoko dituzte Donostiara filmak aurkeztera datozen zinemagintzako profesional handien eskutik. Iaz, Alexander Payne, Peter Strickland, Jaime Rosales, Albertina Carri eta Virgil Vernier zinemagileek partekatu zituzten ezagutzak ikasleekin. Ikusleek, ikasleek eta profesionalek Tabakalerako zinema-aretoan ikusi eta iruzkinduko dituzte hautatutako film laburrak.

Aurten ere, mundu osoko zinemagileen kezka garaikideak aztertuko dituzte Zinemaldiko sail gazteeneko film laburrek, identitateari, maitasunari, lanari, etorkizunari, desirari, indarkeriari eta zalantza existentzialei buruzko istorioak jorratuz. «Baina aurtengo Nest sailean hainbat lan zeharkatzen dituen joera bat nabarmendu beharko bagenu, hitz bakarrean laburbilduko genuke: familia», adierazi dute Zinemaldiko arduradunek.

«Hain zuzen, familiaren presentziak, gabeziak, familia-eredu berriek, halako harremanen etorkizunak eta halako loturen intimitateak osatzen dute filmen egitura: ama ezkongabe baten egunerokoa, eta anai-arreba errusiar batzuek dolu-egun batean bizi duten tentsio emozionala; japoniar amona baten 16 milimetroko erretratua, eta bizitzako eta garai politiko bateko oroitzapenak gordetzen dituen familia-artxiboa; munduan bere tokia bilatzen ari den hainbat pertsonaiaren bakardadea, eta norbaitek heldu bihurtzear dagoela jakitean –sute batean soilik jakin daitekeen bezala– bizi duen emozioa», gaineratu dute.

Lehenengo aldiz, Elías Querejeta Zine Eskolak (EQZE) aurkeztutako lan bat sartu da aukeran; izan ere, Zinemaldia, Tabakalera eta Euskadiko Filmategia partaide dituen erakunde horretatik dator ‘La enorme presencia de los muertos’ film laburra. Jose Maria Avilesek (Cuenca, Ekuador, 1988) sortu du, zinema-ikasketak osatzeko Donostiako eskolan Sorkuntzako graduondoa egiten ari den ikasle batek.