Haritz LARRAÑAGA

Hizlari garrantzitsuak dituen egitaraua osatu du G7-Ez!-k, 21tik 23ra Ficoban

G7-EZ! Plataformak 80 hitzaldi eta tailer antolatu ditu abuztuaren 21, 22 eta 23rako. Mundu mailan puri-purian diren eztabaiden eta borroken isla izango dira Irungo Ficoba erakustazoka, zein «Hendaiako Alternatiben herria».

Martinez (CGT), Rovira (ERC), Duflot (ministro ohia) eta Otegi (EH Bildu), partehartzaileen artean.
Martinez (CGT), Rovira (ERC), Duflot (ministro ohia) eta Otegi (EH Bildu), partehartzaileen artean.

Ehun erakunde baino gehiago batu dira G7-Ez plataforman, beraz aniztasun horrek isla izango du hitzaldietan eta berauek eskaintzeko formatuetan ere, baina orokorrean, bi formatu jorratuko dira, hiru eremu desberdinetan. Irungo Ficoba erakustazokan eta Hendaiako Les Varietes zinema aretoan, konferentziak eta hitzaldiak izango dira. Ostera, Hendaiako Caneta auzoan izango den karpan eta Jean Jaures eskola inguruan gazteek eraikiko duten eremuan, tailerrak eta ikastaro praktikoak eskainiko dira.

Abuztuaren 19 eta 20 bitartean kanpalekua atonduko da Urruñako kostaldean. Abuztuaren 21etik 23ra hitzaldi eta tailerrak izango dira. Abuztuaren 24an «manifestazio alaia eta baketsua» deitu dute Hendaian. Eta abuztuaren 25ean, igandea, Biarritz inguruan poliziak ezarriko duen segurtasun eremutik gertu, «zazpi plazen okupazio baketsua» egiteko deia luzatu dute.

Antolatzaileek iniziatiba politikoak indartu nahi dituzte, eta horregatik osatu dute «beste mundu bat posible dela» erakusteko Alternatiben kontragailurra. Programaren helburua, antolatzaileen hitzetan, zera da: «Egungo munduaren arkitektura ulertu, borroka eremu nagusietan sakondu eta eredu berri bat sortzea».

Zazpi gai nagusi izango dira, jorratuko diren hitzaldi eta tailerren ardatz: Kapitalismoa, feminismoa, ingurugiroa, herrien aniztasuna, demokrazia soziala, inperialismoa eta migrazioak.


Hiru egunetan
Hizlarien jatorri eta aniztasuna kontuan hartuta, euskara, gaztelera, frantsesa eta ingelesezko itzulpen zerbitzua izango da konferentzietan. Hona hemen egingo diren konferentzia eta hitzaldien maila erakusten duten zenbait adibide:

Abuztuak 21, asteazkena, 15.00etatik 17.00etara: «Merkatu librearen akordioen eta multinazionalen aurrean, zeintzuk dira alternatibak?». Maxime Combes (Aitec), Luciana Ghiotto (Attac Argentina), Nicolas Roux (Amis de la Terre), Swan Bommier (CCFD-Terre Solidaire), eta Gonzalo Ortiz de Zarate (OMAL).

Abuztuak 22, osteguna, Ficoban, 10.00etatik 12.00etara, eta 15.00etatik 17.00etara Hendaiako Les Varietes zineman. «Desparekotasun sozial eta ekonomikoen aurka borrokatzen duten emakumeak: Prekarietate eta austeritate politiken aurrean, langile eta sindikalistek haien zailtasun, engaiamendu eta lorpenen berri emango dute. Konferentziak bi atal izango ditu. Wangari Kinoti (ActionAid International), Murielle Guilbert (Union Syndicale Solidaires), oraindik zehaztu ez duten Turkiako sindikatuko ordezkari bat, martxoak 8ko grebako antolatzaileak, Espainia mailako Las Kellys elkartea, LAB eta ELA sindikatuetako ordezkariak.



Abuztuak 22, osteguna, Ficoban, 17.30etatik 19.30etara. «Feminismoa krisi ekologiko eta sozialaren aurrean: G7 eta neoliberalismoaren aurrean feminismoa indarberrituko da? Zein perspektiba eskaintzen ditu ekofeminismoak eta zein eskaintza ditu trantsizio ekologiko sozial eta feminista baterako?». Luciana Ghiotto (Argentina mejor sin TLC, Attac Argentina eta Formo Feministako kidea), Yveline Nicolas (Estatu frantseseko elkarte feministen egokitzapena maila internazionalean), Vanesa Alvarez Gonzalez (Red Ecofeminista), Huayra Llanque (Attac France).



Abuztuak 22, osteguna, 15.00etatik 17.00etara. «Etorkinen defentsarako europar mugimenduen estrategiak». Brid Brennan (Amsterdango Transnational Instituteko erregionalismo alternatiboen programako koordinatzailea), Paulo Illes (Políticas para migrantes de Sao Paulo taldeko koordinatzaile ohia) eta No Border mugimenduko ordezkari bat.



Abuztuak 22, osteguna, 10.00etatik 12.00etara: «Preso politikoen auzia askapen prozesu nazional eta sozialetan». Palestina, Kurdistan, Katalunia, Corsica eta Euskal Herriko ordezkariak izango dira.



Abuztuak 22, osteguna, 15.00etatik 17.00etara: «Herritarron eta eragile sozialen garrantzia Euskal Herria eta Kataluniako prozesuetan». Jaume Bardolet (ANCko koordinatzailea) eta Gure Esku Dago mugimenduko ordezkari bat.



Abuztuak 22, osteguna, 15.00etatik 17.00etara: «Munduaren amaiera, hilaren amaiera: Borroka bera». Eric Beynel (Solidaires alderdiko bozeramailea), Jean-François Juliard (Greenpaceko zuzendari nagusia), Philippe Martinez (CGT sindikatuko sekretari nagusia), Aurelie Trouve (Attac mugimenduko bozeramailea).



Abuztuak 23, ostirala, 10.00etatik 12.00etara: «Bake prozesua Euskal Herrian. Erronkak eta perspektibak». Michel Tubiana (Giza Eskubideen Ligako ohorezko lehendakaria), Txetx Etcheverry, (bake artisaua), Xantiana Cachenaut (euskal presoen abokatua) eta EPPKko ordezkari bat.



Abuztuak 23, ostirala, 17.30etatik 19.30etara: «Estaturik gabeko nazioen arteko harremanak». Marta Rovira (ERCko ordezkariak erbesteratua dagoen tokitik hitz egingo du bideo konferentziaz) eta Arnaldo Otegi (EH Bilduko bozeramailea).



Abuztuak 23, ostirala, 17.30etatik 19.30etara: «Indar politikoak, mugimendu sozialak, krisiak eta eraberritzeak». Cécile Duflot (Europe Ecologie Les Verts alderdiko ministro ohia), Christophe Aguiton (Attac France), Clementine Autain (France Insoumise alderdiko diputatua), Elsa Faucillon (Frantziako Alderdi Komunista).