Bizi!ko militanteek, polizi presentzia handiari muzin eginez, Macronen potreta hustu dute Irisarriko Herriko Etxean. Anartean, ELB eta LAB sindikatuek eta talde ekologistek eta altermondialistek ( Bizi!, Amis de la Terre eta ATTAC) Monsanto multinazionalak Peyhoraden duen lantegiaren sarrera blokeatu dute.
Bizi!k azaldu duenez, Macronen Gobernuak klimarekiko adierazi duen konpromiso eza salatzeko dinamikan kokatzen da gaur goizean Irisarrin garatu duten ekimen berria.
Hala, G7 gailurraren bezperan, Ipar Euskal Herria poliziz eta militarrez josita dagoen unean, Bizi!ko kideek frantziar presidentearen erretratua kendu dute Irisarriko Herriko Etxetik.
Ekimen horren bidez G7ko gailurrari bere kritika luzatu du Bizi!k. Era berean, bihar goizean (11.00tan) Hendaian antolaturiko manifestazio «baketsu eta alaitsuan parte hartzeko» deia luzatu du mugimendu ekologistak.
Era berean, igandean, 10.00 potreten martxa eginen du Bizi!k. Bertan azkeneko hilabetetan hainbat herriko etxeetan kendutako Macronen potretak agertarazteko asmoa dute.
Potret horietatik bi Biarritzeko Amabirjina Harrian eta Hondartza Handian agertarazi dituzte dagoeneko, azkeneko egunotan, ekinzaile ekologistek, berriz ere polizi zelatatze handiari muzin eginez.
Monsantoren aurka protesta egin dute
Bestalde, LAB, ELB (eta Confederation Paysanne), ATTAC, Amis de la Terre eta Bizi! mugimenduetako militanteek ekimen amankomuna egin dute Landetako Peyhorade herrian Monsantok duen lantegi aurrean, era horretan multinazionalen interesak salatuz.
Industri agroalimentarioaren interesen mesedetan Amazoniako oihanak sute handiak pairatzen duen une batean aipaturiko eragileek G7ko gailurra salatzeko dinamikaren baitan kokatu dute aipaturiko desobedientzia ekintza.