NAIZ
DONOSTIA

Indarkeria sexista prebenitzeko Emagin gunea aurten ez da Hondarribian izango

Iaz ez bezala, Emagin elkarteak Hondarribiako jaietan ez du indarkeria sexistarik gabeko gunea jarriko. Jaietan, alardearen bueltan dagoen biolentziaz hitzegitea ezinbestekoa ikusten zuen elkarteak, baina Udalak ez du baldintza hori onartu eta ez du zerbitzua kontratatu.

Jaizkibel konpainia iaz, Hondarribiko egun handian. (Juan Carlos RUIZ / FOKU)
Jaizkibel konpainia iaz, Hondarribiko egun handian. (Juan Carlos RUIZ / FOKU)

Igandean ospatuko du Hondarribiak bere egun handia. Horri begira jarri da Emagin elkartea; ordea, Euskal Herriko beste festa eta jaietan egin duen ez bezala, ez du indarkeria sexista prebenitzeko gunea zabalduko, ohar bidez baieztatu duenez.

Iturri berberen arabera, orain egun gutxi Hondarribiko Udaletik deia jaso zuten, gunea jartzeko interesa agertuz. Iaz, han izan ziren, baina onartu dutenez, orduan ez zuten lotu «Alardearekin dugun gatazka indarkeria sexistarekin». «Autokritika egin dugu, eta ezin dugu indarkeria sexistaz hitz egin, jaietan, alardearen bueltan dagoen biolentziaz hitz egin gabe», aipatu dute oharrean. Eta, antza, hor dago koska, hortxe Udalarekin desadostasuna zerbitzua kontratatua ez izateko.

Azaldu dutenez, aurten, «jaien inguruan egiten dugun irakurketa gunean egotea nahi genuela adierazi diegu, guretzat ezinbestekoa baita indarkeriaren egiturazko izaera lantzea», argudiatu dute Emaginetik. «Baldintza horren aurrean ezezkoa jaso dugu», erantsi dute.

Hondarribiko udal gobernuak «emakumeok bizitzako eremu guztietan parte hartzeko dugun eskubidea» bermatu beharko lukeela defendatzen dute, eta eskaera gainontzeko erakunde publikoetara luzatzen dute: ez da berdintasunean parte hartzeko nahikoa neurririk hartu, kritikatzen dute. «Erakunde publikoek argi izan behar dute indarkeria sexista prebenitzeko hartzen dituzten erabakiak eta neurriak zapalkuntza patriarkala ezabatzera bideratuta egon behar dutela».

Egiteke dagoen lana

Gunetik egindako lanaz harago, egiteke dagoenaz ere mintzo dira. Eraso sexistak gertatzea baimentzen duten egiturak eta gertaerak dira, Emaginen iritziz, «errotik» ezabatu behar direnak. «Ezin dugu ulertu indarkeria sexista egunerokoan mantentzen ditugun genero harremanetatik at; hots, ez dira anomaliak edo kasu isolatuak».

Orain arte bezala, bere babes osoa ageru diote ohar berean Jaizkibel konpainiari, egindako borrokagatik, «urtero erakusten duten duintasunagatik».