Elizondon jaioa, 1979. urtean, gaztea izan arren Jon Barberenak ibilaldia oparoa izan du, bai bertsolari bai eta idazle gisa ere. Eta iritzi emailera modura, ‘‘Nafarroako Hitza’’ edo ‘‘Ttipi-ttapa’’ Bortzirietako hedabidean zutabegile aritzen baitzen. Oraintsu arte, duela egun gutxi ‘‘Nafarroako Hitza’’n argitaratu baitzuen bere azken artikulua, Iruñeko alkate Enrique Maya protagonista zelarik.
Nafarroako bertso txapelketa finalera heldu zen zenbait aldiz, 2015era arte, Jon Barberena. Esaterako, 2007koan bigarren sailkatua izan zen, Xabier Silveiraren atzean, eta 2008koan ere berdin, orduan Julen Zelaietak txapela jantzi zuelarik.
Azken hamarkadan, bertsotan baino gehiago idazle gisa aritu da Barberena. Eta honetan ere maiztasunez eta maisutasunez: 2011an, 2013an eta 2015ean Iruñeko Udalak antolatutako Egile Berrientzako Literatur lehiaketetan sariak lortu zituen, beren olerki lanekin. Nafar Ateneoak 2016an antolatutako Iruñea Hirian irabazle izan zen, ‘‘Izoztu zitzaigun negu hura’’ poesia lanarekin (argitararatua izan zen). Iaz, Mungiako Udalaren Lauaxeta olerki saria ere berarentzat izan zen, oraingoan ‘‘Neguko gaba’’ izenburu zuen lanarekin.
Bere bailarari, Baztani, oso lotua izan da bere jarduera. Adibide batzuk ematearren, Angel Illarramendik ‘‘Baztan’’ pelikularako 2012an egin zuen abestiari letra jarri zion. Baztandarraren Biltzarrerako ere ekarpena egina du. Elizondon jaio eta bertan hil da Jon Barberena.