Naiz
Donostia

Zinemaldia NAIZ, GARA eta NAIZ Irratiarekin, jarraipen berezia egunero Zurriolatik

NAIZ, GARA eta NAIZ IRRATIA Zurriolatik arituko dira ostiral honetatik aurrera Zinemaldiaren 67. edizioaren berri ematen. Erredakzio horretatik, jaialdian gertatzen den guztia gertu izanik, zuzenean informazioa eskainiko dugu.

Lokalak duen leiho handitik erredakzioa eta pantaila erraldoia ikusi daitezke. (Gorka RUBIO / FOKU)
Lokalak duen leiho handitik erredakzioa eta pantaila erraldoia ikusi daitezke. (Gorka RUBIO / FOKU)

Iaz estreinatu genuen Zurriolako Naiz lokala, urte osoan zehar begirada ugari erakarri dituen pantaila erraldoiarekin. Aurten berriro itzuli gara bertara NAIZ eta GARAko lankideak. NAIZ IRRATIA ere bertatik arituko da datorren astean, astelehenetik ostiralera, Kursaal pareko txoko pribilegiatua baliatuz.

Kursaal parean dagoen erredakzio horretatik Zinemaldiaren 67. edizioan gertatzen den guztiaren berri emango dizuegu bide desberdinetatik. NAIZ.eus-en webgune berezi bat eskainiko zaio Zinemaldiari eta bertan aurkitu ahal izango du gure komunitateak Zinemaldiak eskaintzen duen guztia: kritikak, elkarrizketak, Sail Ofizialaren jarraipen zehatza, kronikak, filmen trailerrak, bideoak, argazki galeriak... Biharamunean GARAk paperean eguneko garrantzitsuena azpimarratuko du.

Giza-talde bat egongo da horren guztiaren atzean: zineman adituak diren Koldo Landaluzek, Iratxe Fresnedak eta Victor Esquirolek ikusi dituzten pelikulen kritikak egingo dituzte, eta etxe honetan aski ezaguna den Mikel Insaustik eguneko protagonisten profilak egingo ditu. Haiekin batera, eguneroko kontaketan lanean arituko dira Xole Aramendi, Amalur Artola, Miren Saenz, Oihane Larretxea eta Nagore Belastegi. Fokuk ere ahalegin berezia egingo du argazkigintza eta bideo alorrean.

Kazetariez gain, lan taldea osatzen duten lankideak ere Zurriolako egoitzan izango dira komunitateari arreta zerbitzua eskainiz (astelehenetik ostiralera 08.30-20.00 eta asteburuetan 15.30-20.00). Harpidedunek eskatu dituzten gonbidapenak ere bertan jaso ahal izango dira ordutegi horretan.

NAIZ Irratiaren talde osoa ere Zurriola mugituko da eta bertatik egingo dute bai eguerdiko (12.00-14.00) eta bai gaueko (19.00-20.00)  magazinea. Gauero tarte berezia eskainiko diote Zoinemaldiari; eguneko errepasoa egin eta euskal zinegileen hitzak jasoko dituzte, Maite Bidarteren eskutik.