Ion T. BARRENA
DONOSTIA
Entrevue
ITZIAR ITUÑO
AKTOREA

«Zinean uzta ona da, baina telebista basamortu itzela da euskarazko fikzioari dagokionez»

Itziar Ituñok jaso du aurtengo Ulialde elkartearen Ramon Labaien saria. ‘La casa de papel’ serieak munduko zati handi batean oso ezagun egin du bizkaitarra, baina oinak lurrean jarraitzen du, ‘Goenkale’-n hasteko Fagorreko lana utzi zuen hark hemen jarraitzen duela dio.  

Andoni Canellada / FOKU
Andoni Canellada / FOKU

‘Hil kanpaiak’ pelikula grabatzen ari da egun hauetan baina Donostiara sartu-irtena egin du Ulialde elkarteak ematen duen Ramon Labaien saria jasotzera. «Ilusio handia» egiten diola dio, «norberaren etxean sari bat jasotzea beti ilusio handiz hartzen da». Zinemaldia jarraitzeko aukerarik izan duen galdetuta, «oso gutxi», dio, baina 'La trinchera infinita' ikusteko aukera izan duela eta «pila bat» gustatu zaiola. 

Agian, horrekin eskatu ahal dizut zuzenean zure apustua zein den Zinemaldirako...
Uste dut irabazi egin behar duela, ez dakit Zinemaldian baina sari asko jasoko ditu, ziur. 

Euskal uzta oparoa da?
Zineari dagokionez uzta ona da, ari dira gauzak egiten eta oso gauza majoak. Esango nuke loratzen ari dela euskal zinema. Baina telebistan ezin dut gauza bera esan, telebista basamortu itzela da euskarazko fikzioari dagokionez egiten dena, tamalez. Ez dakit egitasmo berririk egingo den baina ni zain nago, Euskal Herria ere zain dago eta euskal aktoreak zain gaude. Eta antzerkiaz, zer esan? Ba beti krisian, zer esango dizut ba...

Telebistako gabezia hori horren garrantzitsua iruditzen zaizu?
Pentsa! Gaur egun moda-modan jarri diren serie guzti horiekin eta plataforma berriekin uste dut telebista tradizionalak atzean gelditzen ari direla. Jendea ohiturak aldatzen ari da, ez dakit norantz goazen baina kezka dut gure hizkuntza txikiak mundu horretan zer leku daukan. ETB1, tamalez, dagoen moduan dago... Lehen bageneukan zer ikusi, orain gero eta gutxiago, gero eta errepikapen gehiago... Telebista euskaraz ikusteko aukera gehiegirik ez dago. Ematen den eskaintza horren murritza baldin bada panorama ez da oso ona.

Ziur aski erantzutea gutxien gustatzen zaizunaz galdetu behar dizut, famaz. Bizitza dezente aldatu zaizu ezta? Nola daramazu?
Saiatzen zara zure bizitza barruan txertatzen nonbaiten. Oso kontu arraroa da. Bizitza erdia Euskal Herrian lanean eman dut, beti eduki dut lana profesio honetan eta egun batetik bestera serie bat egiten duzu, nazioartean oso famatu egiten dena eta halako batean... hara! Lehen motxila bat hartu eta Txilera joan gura nahi bazenuen arazorik gabe egin zenezakeen, eta orain ezin duzu, zeren kristo guztiak ezagutzen zaitu. Jende gehiena oso asmo onez etortzen da. Baina orain modan dago argazkiak eskatzea eta jendeari inporta zaiona argazkia da, ez zu eta zu zelan zauden, zurekin berbaldi bat konpartitzea edo besarkada bat.

Orain dena da argazkia sareetan zabaltzeko edo whatsapp taldeetan igortzeko: «beitu nor topatu dudan». Eta konturatu naiz zuri argazki bat atera gaur goizean Zornotzan, hamar minututan sareetan zabaldu eta kristo guztiak dakiela non zauden eta zer egiten ari zaren. Hori da ez zaidana gustatzen. Orain gutxi erabaki nuen argazkien ordez besarkada bat ematea, pare bat musu eta besarkada bat, horrela lasai biziko naiz.

Eta jendeak ametitzen du?
Bai, oso gustura gehienetan... Batzuk ez dute onartzen baina horiei ezetz esaten diet, ezetz esateko eskubidea ere badut.

Euskal Herrian eta kanpoan antzekoa da fenomenoa?
Antzekoa da bai, lehen ez. ‘Goenkale’-n nenbilenean ez, baina ‘La casa de papel’ fenomeno bezala itzela izaten ari da. Gaztetxoak etorri ohi dira ‘Raquel Murillo! Argazki bat!’.

Eta Euskal Herrian ez al daude Raquel baino Nekane [«Goenkale»-ko ertzaina] deitzen zaituztenak?
Bai, herri txikietan bai. Lehengoan Ondarroan etorri zitzaizkidan ‘Nekane Beitia! Zer egiten duzu hemen?’ eta ilusioa egiten dit egia esan.

Boikot saiakera izan zen 'La casa de papel'-en hasieran zuk presoen etxeratzearen alde egin izanagatik, nola ematen zaio buelta horri?
Ez dakit buelta ematen zaion edo nekatu egiten diren... Saiatu dira beste pare batean berriz ere berreskuratzen boikot hura, hirugarren zatia estreinatu zenean, baina ez zuten lortu. Nik uste momentu batean jendea nekatu egiten dela... Ez naiz bakarra, Gotzon Sanchezi pasa zaio, Miren Gaztañagari, Willy Toledori... kasu pila bat daude. Baina uste dut jendea hasi dela konturatzen horrela ez goazela inora.

Hala ere, asmo txarrak hor jarraitzen du, eta sorgin ehiza badago, baina badakit zer 'txiringo' dagoen montatuta eta non bizi garen...

Askotan, ordea, aktore baten karrera jokoan jarri dezake horrek...
Hori da itzelena, nik ezin dut pentsatu pentsatu gura dudana? Horrek zer ikusirik badu nik egin behar dudan lan edo paperarekin? Ez du zerikusirik, orduan ez dut ulertzen... Gauza bat da bizitza pribatua eta beste bat lan arloa.. Baina ez, figura publiko bihurtzen zaren heinean gauza horiek nahastu egiten dira eta isildu egin behar zara, edo eskatzen dizute isiltzeko gai zehatz baten inguruan...

'Bella Ciao' kantu politikoa da [horrekin, ere, polemika izan da]?
Jakina politikoa dela! Partisanoena da! Antifaxista totala, Mussoliniren aurkakoa... Horregatik aukeratu zuten seriean erabiltzeko. Batzuk ariko dira kantatzen zertan ari diren jakin gabe. 'Fatxa'-ren bat edo beste ere aritu da kantuan, serieko kantua zelakoan eta ereserki antifaxista bat zela jakin gabe. Baina beno, ondo dago lau haizetara zabaltzea eta gazteek ikasi izana. Ondo dago, kanta dezatela!

Ez zara geldi egotekoa (Ikusi: Wikipedia, Itziar Ituño). Hori zer da? Artistaren bizia horrelakoa da? Ala zu zara horrelakoa?
Ba ez dakit. Artisten bizia pixka bat zoroa bada eta saltsa pilo bat sortzen dira, aldaketa handiak eta aukera pila bat eta politak denak. Batzuetan esaten duzu, zergatik ez? Gustatuko litzaidake honetan parte hartzea? Zergatik ez? Ba proba egingo dut... Baina hori ni naiz, beste batzuk askoz ere lasaiago bizi dira.

Irakurri dut nonbait Fagorreko lana utzita joan zinela Goenkalera, nola izan zen hori?
Casting bat egin nuen Fagorren lanean sartu baino lehen; AEKn nenbilen orduan, amaitzear, Sakontzen urratsean. Oso urduri egin nuen proba ‘Goenkale’-rako eta ez ninduten hartu. Gero Fagorren, Edesan, Basauriko plantan, sartu eta han nintzela deitu ninduten bazeukatela pertsonaia bat niretzako ia joan ahal nintzen Miramonera proba txiki bat egitera. Nik lana neukan, baina lankideek, jubilatzear zeuden gizon majo euskaldun batzuek, esan zidaten, ‘Goenkalerako? Bueno bueno, egin ezazu hanka hemendik! Ipini gaixo edo dena delakoa eta zoaz casting hori egitera eta ia hartzen zaituzten!’ Joan hintzen, sukarra nuela esanda edo (gezurra) eta hara, hartu egin ninduten. Lankideak pila bat poztu ziren hartu nindutenean.

Eta famaren aparretik begiratuta, non dago Fagor utzi eta Goenkalera joan zen Itziar hura?
Ba hemen! Hemen nago, hemen nago! Ni oinak lurrean. Adin honekin ia tontakeria gutxi bizitzan. Badakigu zertzuk diren gauza inportanteak. Lanean egun batean zortea izan ahal duzu eta hurrengoan ez. Beraz, aprobetxatu behar da olatua baina mareatu barik, non zauden jakinda eta aurrera.