Amaia U. Lasagabaster

Eibar «konfiantzaz eta gogoz» beteta doa Sevillara

Gorri-urdinek hirugarren garaipena jarraian lortu nahi dute Betisen aurka ostiral gauean. Lesioa gainditu ondoren, Sergi Enrich deialdian sartu da.

Denboraldiko une goxoena bizitzen ari dira armaginak. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)
Denboraldiko une goxoena bizitzen ari dira armaginak. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)

Goitik behera aldatu da Eibarren egoera astebete eskasean. Sevillaren eta Celtaren aurka lortutako garaipenek, eta partida bietan –edo gutxienez partida eta erdian– eskainitako irudiak gorri-urdinen konfiantza berrindartu du. Bultzada hori aprobetxatuta, aurreko egunotan egindakoari jarraipena emateko asmoarekin arituko dira bihar Benito Villamarinen (21.00).

Jose Luis Mendilibarrek argi utzi du «konfiantzaz eta gogoz» doala taldea, «partida on bat egingo dugula» pentsatuz. Argi dauka «oso zaila dela hiru garaipen jarraian lortzea, are gehiago hain berdinduta dagoen Liga honetan, baina asmo horrekin goaz eta taldea ondo dago».

Zaldibartarraren esanetan, gainera, Betis aurkari aproposa izan daiteke Eibarrek bere birtuteak erakusteko…, alderantzizkoa gertatzearen arriskua badago ere. «Eurei asko gustatzen zaie atzetik irtetzea baloiarekin eta guri, goian presionatzea… Gakoa da ea nork egiten duen ondoen berea. Eurek egiten badute, atzeruntz korrika hasi beharko gara eta aukerak sortuko dituzte. Eta guk gure futbola egitea lortzen badugu, gu gara euren areatik gertu baloiak lapurtuko eta gol-aukerak sortuko ditugunak». Edozein kasutan, neurketa «polita, irekia eta aukerekin» aurreikusten du. «Gero asmatu behar ditugu aukera horiek sartzen», gaineratu du.

Enrich deialdian

Aldaketak egongo dira hamaikakoan. Bat gutxienez, Cotek ez baitu bidaiatuko aurreko partidan lesionatu ondoren. Printzipioz, Tejerok jokatuko du bere ordez.

Escalante ere minduta dabil gerrialdean eta 19 jokalariko deialdian sartu bada ere, zalantzan dago. Kanpoan gelditzen bada, Pape Diopek hartuko du bere lekua.

Sergi Enrich, lesioa gainditu ondoren, eta Quique Gonzalez sartu dira ere deialdian. Etxean geratuko da, berriz, Rober Correa, atzoko lan-saioan orkatila bihurritu eta gero.

Bartzelonaren aurkako partidarako sarrerak salgai

Eibarko abonatu eta akzionistek dagoeneko erosi ditzakete urriaren 19an Eibarrek eta Bartzelonak Ipuruan jokatuko duten partidarako sarrerak. 65 eta 90 euro bitarteko prezioa dute, ez dago erosteko sarrera mugarik eta epea urriaren 8an amaitzen da. Urriaren 9tik aurrera, gainontzeko zaletuek eskuratu ahal izango dituzte.