Kantxa osoan soltura eta gozamena dena, benetako infernu bilakatzen da Iker Irribarriarentzat Lau eta Erdian sartzen denean. Egoera horri buelta emateko aukeratzat hartzen zuen Aramakoak Victorren aurkako final-zortzirenetako partida Zallan, baina ezintasunak bere horretan jarraituko du.
Hasierako tantoetan partida nahiko orekatua joan da, baina 5-5eko berdinketatik aurrera ez da kolorerik egon eta Victorrek nahi izan dituen guztiak egin ditu. Sakez lau tanto, bi paretez, moztuta eta gantxoz hiruna, boleaz eta txokoan utzita bina... 170 pilotakadan joan da neurketa.
Eta Irribarria berriz nahi eta ezinean. Tanto politen bat egin du bai, baina pilota argiak galdu ere bai, sakez egindako falta bat barne. Eta txarrena, 7an geratuta tanteo bidez aurrera egiteko aukera ia denak ere galdu dituela (Urrutikoetxeak utzitako hutsunea final-zortzirenetan tanto gehien egiten dituen galtzaileak hartuko baitu).
Final-laurdenetarako txartela, beraz, Victorrentzat. Jokin Altunaren multzoan sartuko da eta errioxarrak pozez zoratzen amaitu du partida: "Oso pozik nago. Aspalditxoan fisikoki ez dut arazorik izan, eskuak ere ongi ditut, eta hori nabaritu egiten da. Gaur argi neukan egin beharreko jokoa, sakea aprobetxatu eta tantoa azkar amaitzen saiatu, eta dena ongi atera zait. Laugarren urtez jarraian final-laurdenetako ligaxkan egotea garrantzitsua da niretzat. Badakit orain aurkari oso zailak izango ditudala aurrean, baina ilusioz beteta iritsiko naiz eta borrokarako prest".