Hainbat ikastetxetako ikasle asanblada desberdinak batu egin dira «agortuta dagoen hezkuntza sistemari» aurre egiteko asmoz. Dinamika bat abiarazi dute, eta horren baitan lehen ekimena azaroaren 28an deitu duten mobilizazioa izango da.
«Gure inguruan bizi ditugun injustizia, zapalkuntza eta problematikei aurre egiteko beharra sentitu eta hauei erantzuteko antolatu garen ikasleak gara», aurkeztu dute euren burua Gasteizen egin duten aurkezpenean. Azaldu dutenez, antolatu egin dira egunerokotasunean jasaten dituzten zapalkuntzak agerian uzteko, «sistema kapitalista
heteropatriarkalaren mesedetan diharduten hezkuntza sistema hauei maskara kendu eta euskal hezkuntza sistema propio baten alde pausuak» emateko.
«Herri honetan ere, ikasle mugimenduak funtsezko papera jokatu du urteetan zehar eta dozenaka borroka eraman izan ditu aurrera. Ezagunak izan dira ikasleek kaleak hartu dituzten egunak eta kontaezinak hezkuntzako inposaketen aurka mobilizatutako pertsonak. Kontziente gara, ordea, hainbesteko indarra izan duen ikasle mugimendu horren argia itzaltzen joan dela azkenaldian», damutu dira.
Hori dela eta, nabari duten hutsunea betetzeko asmoz elkartu dira. «Ikastetxez ikastetxe bizi ditugun problematikei erantzutetik abiatu gara, baina argi ikusi dugu,
gure eguneroko errealitatea eraldatzeko lan egin arren, hezkuntza sistema hauek eraisteko eta euskal hezkuntza sistema propio bat eraikitzeko behar-beharrezkoa dela Euskal Herri mailan antolatzea», iriztu dute.
Euren helburua «ikasleak erdigunean jarriko dituen hezkuntza eredu bat» eraikitzea da, balore hezitzaile, parekide, kooperatibo eta kritikoetan oinarritzen dena, eta nazionala, publikoa, komunitarioa, euskalduna eta feminista dena.
Bide horretan guztion urratsak garrantzitsuak direla pentsatuz, ikaslego guztiari luzatu diote deia azaroaren 28rako deitu duten greban parte hartzeko. «Goazen, beraz, guztiok batera ikasle mugimendua berpiztu eta ikasle bezala bizi dugun miseria salatzera. Goazen gure eskubide eta eredu propio baten alde borrokatzera. Hor ditugu pentsionisten edota metaleko langileen adibideak, hala nola mugimendu feminista edota ekologistarenak. Bada, orain gure garaia heldu da. Goazen ikasle batasunaz hezkuntza sistema hauek eraitsi eta guztion mesedetara egongo den hezkuntza burujabe bat eraikitzera», amaitu dute.